Itsaso Zubiria Etxeberria
1990ean Hernanin jaioa. Historia txikiak bilatzen ditut, beren txikitasunean handi direnak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Xabi Amedo(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Zubiria zubix(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Eneritz(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
Zenbakiak zenbaki, herri batek irabazi du
Atalak: Sailkatugabeak
Larunbatean nabaritu genuen jendea aztoratuago. Kanpotik begiratzea tokatu zaigunok ostiral ilunabarrean emozioz galdetzen genien lagun katalanei zer, zer espero zuten azaroaren 9rako, nola bizi duten prozesu guztia. Eta eurak, itxura batera lasai, ez zegoela batere garbi; batzuk positiboago, eta beste batzuk zalantzati. Baina orduak aurrera joan ahala, hasi dira tarteka kantuan batzuk, irribarrea ahoan goizean-goiz amonarekin bozka emateko geratuta dagoela kontatzen bestea, lehen ordurako bolondres moduan lanean hasteko gogoz ondokoa. Eta sortu da halakoxe atmosfera bat alaia, desobedientea eta ilusio handikoa.
Goiz hasi da eguna Bartzelonan. Bederatzietarako ireki dituzte hauteslekuak, eta ordurako kalean zen jendea; batzuk bolondres lanean, eta beste batzuk botua eskutan, aurrenak izan nahian. Izugarrizko ilusioa arnastu ahal izan dugu lehen ordutik eta inbidiaz begiratu diegu banaka-banaka paperak ontzietan sartzen ari zirenei. Emozioz beteta pasa dugu eguna; ikusi dugu geure begiekin herri bat bere etorkizuna erabaki ahal izateko pauso bat ematen. Bozka bereziak izan dira; sinbolikoak ez soilik herriarentzat, sinbolikoak norberarentzat ere, egun historikorako prestatu eta momentua bere jendearekin, bere modura bizi ahal izan dute.
Eta iritsi dira eguerdian lehen partehartze datuak, 13:00era artekoak. 1.142.000. Kalkuluak etorri dira gero, “Estatutuarenean hainbeste izan ziren ordu honetarako, 78ko Konstituzioarenean hainbeste…”. Bozetara deituta zeuden ia 6 milioietatik 1.142.000. %21. Gràciako auzotar batzuekin bazkaltzen harrapatu gaitu berriak, baina ez da emozio berezirik nabaritu. Pixkanaka arratsaldean zehar baretuz joan da giroa, eta hurrengo datuak ezagutzeko lekua ere jarri du zenbaitek, taldean ikusteko.
19:30ak. 18:00ak arteko partehartze datuak. 1.977.000. 19:00etarako Gràciako lokal batean elkartu gara bertakoekin, eta bigarren partehartze datuak emandakoan halakoxe giro nahasia sortu da. Zifren handitasunaz guztiz ez jabetzerainokoa, agian. Minutuak pasa ahala, ordea, joan da nagusitzen ilusioa eta euforia. Telebistari adi, gutxinaka datuak ezagutzen joateko gogoz nabari da jendea, eta emozioz ari dira bizitzen azaroaren 9ko azken orduak.
Larunbatean esan ziguten ez zela zenbakietan sartu behar, baina ahopean, 2 milioi inguruan zegoela arrakastaren prezioa. Ez dakit zifratan non egon daitekeen garaipenaren muga, baina badakit, zenbakiak zenbaki, herri batek irabazi duela. Zorionak.