Izan zitekeen igande honetako argazki bat, baina 27 urte ditu. Eta erretrataturik agertzen den haur horrek, auskalo zenbat izango dituen. Ikurrinaz marrazturiko aurpegiak eta telazko txanoak Senpereko paisaiaren parte bihurtzen dira maiatz oro, 1984an Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko lehen Herri Urrats antolatu zuenetik, eta aurten ere milaka lagun elkartuko dira aintziraren inguruan, ospakizunetarako gogoz.
1999ko edizioan 80.000 bildu ziren gutxienez, Aitor Sarasuak abestirako egindako letrei jarraiki: Euskaraz hazi, euskaraz! Ordezkari politikoak ere franko, tartean, lehenengoz Alderdi Sozialistako bozeramaile bat, Frantxua Maitia.
Orduko kroniketan, ikastolen ordezkariak harro ageri dira urratsez urrats egindako bideaz: herri elkartasunari esker eraiki dira kolegioak Sohütan (Zuberoa), Angelun (Lapurdi), Ortzaizen (Behe Nafarroa)… Urte horretan jasotako dirua ere (1.900.000 libera edo 290.000 euro) horretara bideratu zen. Baina erakunde publikoen sostengu faltaz ere mintzo ziren, eta Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna sinatu berritan, estatuari “ekintza zehatzak” eskatzen zizkioten ikastolen publikotasuna bermatzeko.
Gaur, Frantziak oraindik ez du berretsi gutun hori, Senperen beste behin “Baxoa euskaraz!” oihukatuko dute, eta Urruñan auzapez berriak dirulaguntzak ukatu dizkio Seaskari. Benetan igaro al dira 27 urte?
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Pablo Sanchez Quiza / ARGIA CC-BY-SA


