Faxistek 1936an fusilatutako Fortunato Agirre Lizarrako alkate abertzaleari egindako omenaldia izan zen Eusko Alkartasuna alderdi berriaren “zero” ekitaldia, 1986ko iraileko San Migel bezperan. Jeltzaleen zatiketaren urtea. Gauzak noraino gaiztotu ziren adierazgarri da, hasiera batean pentsatutako izena –argazkiko Eusko Abertzaleak– ezin izan zutela erabili azkenean hautes-kanpainan, EAJk erregistraturik zuelako. Siglekin geratu ziren.
Egun hartan, Arzallusek eta Ardanzak Gasteizko Salburuako zelaietara jendetza erakarri zuten Alderdi Egunean –EAJren aparatu sendoan oinarrituta–. Baina EAko jarraitzaileek ere Lizarrako zezen-plaza betetzea lortu zuten, Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoari entzuteko: txalo zaparrada esaldi bakoitzarekin… eta baten bat mikroarekin bere hitzen arrantzan.
Nafarroa, lurraldetasuna eta alderdi barruko demokrazia zeuden bi familien arteko eztabaidaren erdigunean: “Guk ez dugu sekula esango XXI. menderako ez dutela balio autodeterminazio eta independentzia kontzeptuek”, aurpegiratu zien Garaiko-k Ardanza eta enparauei. Lehia abian zen, eta emaitzen inkognita ere bai. Denborak erakutsi du noraino iritsi den bakoitza.
Zatiketa garratz hartatik lau hamarkadatara, lehendakari ohiaren hiletetan ikusi ditugu denak elkarrekin Ajuria Enean, sigletatik harago bere balioak goresten.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkiak: ARGIAren artxiboa


