Jolas garaia Martutenen (1978)

Pareta zahar lizunduan margotutako futbolerako ate baten marra arrastoek, itxura eman dezakete eskolako patio batean ateratako argazkia dela. Baina ez. Martutene da, ekainaren 15ean ateak betiko itxiko dituen presondegia, Espainiako Estatuko espetxe-sareko eraikin “modernoena” izango omen den Zubietakoari txanda emateko.

1944an jarri zuten Martuteneko eraikinaren lehen harria, ekitaldi militar arranditsu batekin: “Instalaciones más modernas y mejores adaptadas“(Instalazio modernoago eta egokituagoak) izango zirela esan zuen orduko Donostiako alkateak, El Diario Vasco-k hauspotutako diskurtsoan. Baina berriki Javier Buces Aranzadiko ikerlariak Noticias de Gipuzkoa-ri gogorarazi bezala, eraikin hura esklabo errepublikarrek jaso zuten, eta gerra garaiko preso politikoak izan ziren iristen lehenak: 1948an 49 preso eraman zituzten espetxe berrira, denak emakumeak, oraindik amaitu gabe egon arren.

Geroztik, errepresio frankistaren zentro neuralgiko gisa txanda hartu zion Ondarretakoari, eta bere historia luzean izan dira torturatuak, hildakoak, gose grebak, ihesaldiak… Akaso Kortaturen Sarri sarri-rekin erlazionatzen dugun 1985eko bafleen ihesaldi hura dugu ezagunena, baina askoz gehiago ere izan ziren: 1950ean Celestino Uriartek eta hiru burkide komunistek, edo 1980an ETA(pm)-ko hainbat lagunek pistolak eta sokak eskuan buruturikoak, kasu.

Argazki hau atera zenean, 1978an, Martutenen 40 euskal preso politiko inguru zeudela irakurri dugu Carlos Trenorrek Euskal Memoria fundazioarentzat idatzitako liburuan –1977ko amnistiak apenas eman zuen arnasarik eta laster bete ziren berriz espetxeak–. Jolasean ikusten ditugu, edo akaso beste zerbaitetan, badakigulako preso baten lehen eginbeharra zein den…

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude