Tamesis? (1968)

Jendetza eguzkipean ibai ondoan paratutako harmailan bilduta, marinel txano bitxiak buruan eta aulki mugikordun traineru estuak uretan. Ez da Londresko The Boat Race estropada famatua, ez da Tamesis. Oria da, baina trainerukoak, Oxfordeko arraunlariak dira.

1968an Nazioarteko Estropadak egin zituzten lehen aldiz Orion eta ikusmin handia sortu zuten. Apenas ziren urte batzuk Gipuzkoako kostaldeko herri txiki horretan outrigger aulki mugikordun modalitatea martxan jarri zutela, eta zer okurrituko, munduko elitean zebiltzanak gonbidatzea haiekin lehiatzeko: “Erraza da esatea, baina ez hain erraza sinestea. Orio, Olinpo-arraunean mantuxetan dagoen haurra da oraindik, eta Oxfordeko Unibertsitateko mutilak zakur zaharrak dira joko horretan” (Zeruko Argia, 288 zk.). Eta, hala ere, oriotar zortzikoteak “zortzi segundoren koxka” atera zien ingelesei, ikusleen zoramenerako. Balentria hartatik hona hamaikatxo bandera igaro dira, baina arraunketa olinpikoak ez dio sekula tosta finkoari itzalik egitea lortu.

Irailarekin, milaka lagun biltzen dira Kontxako estropadan. Baina ezin ahaztu Oria lehorteak agortuta dagoela ibaian gora –Olaberriako Arcelor ixtera behartzeraino–; Danubion ere antzera daude, Gorka Peñagarikanok Goizean Argi buletinean gogorarazi moduan, poltsikoa ukitzen digutenean akordatzen gara horrelako kontuez. Laster batuko al zaigu Tamesis ohorezko txanda horretara?

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude