Alkateen Mugimenduaren sorrera ekarri zuen ekitaldi historikoa egin zen 1976ko uztailaren 21ean Bergaran. Mende bat lehenago foruak abolitu zituzten, eta data hori aukeratu zuten, Jose Luis Elkoro Bergarako alkatea eta beste hainbat alkate buru zirela, Hego Euskal Herriko udaletako dozenaka ordezkari biltzeko. Manifestuan, euskararen ofizialtasuna, autogobernua eta ikurrinaren legeztatzea aldarrikatu zituzten.
Milaka lagun elkartu ziren plaza hartan, eta garaiko kronikek azaltzen dutenez, pixkanaka ikurrinak agertzen hasi ziren jendearen artean eta eraikin ofizialetatik zintzilik. Momentu batean, Elkorok Poliziaren mehatxuaren berri eman zuen: ikurrinak kentzen ez bazituzten han azalduko zirela. Txistuak eta “gureak dira!” oihuak. Alkateak balkoian agertu ziren ondoren, eta garaipen ikurrarekin agurtu zituzten bertaratuek, argazkian ageri moduan: “Berrogei urte honen zain!”, zioen haietako batek. Mugimendu hark eztabaidak ere sortu zituen, udalak administrazio frankistak zirelako oraindik, eta alkate askok dimisioa eman zuen hurrengo hilabeteetan.
50 urte geroago, 200 herritako EH Bilduko eta EAJko alkate eta zinegotziak berriz elkartu dira Bergaran uda honetan, “herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea” berritzeko. Ikurrinak eta txaloak bai, baina garaipen ikurrik ez dugu ikusi oraingoan.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa


