Kalera (1977)

Telesforo Monzonen garaipen ikurra, ondoan errepresioak hildakoen senideak, atzerriratutako presoak eta Euskal Herrira itzuli direnak, oraindik barruan direnen izenak, estradizio arriskuan daudenenak ere bai eta… Amnistia denontzat aldarria oinarrian. Donostian harturiko argazki honekin irudikatu liteke 1977an bizitako mobilizazio leherketa. Fuerte hasi zen urtea: Amnistiaren aldeko aste odoltsuak, Askatasunaren Ibilaldia, presoak –denak– kalera ateratzeko eskaria…

Agerian dugun manifestazioan iskanbilak izan ziren ordea. Ordura arte amnistiaren gaiarekin otzan ibilitako alderdi deitzaileei (PSOE, EAJ eta PC), beste alderdi “minoritario” batzuetako jarraitzaileak jarri zitzaizkien parean, behetik sorturiko herrietako mugimenduei muzin egin eta oportunismoa egozteko. “Asanbladak egiten, berriro Errenteriako herriak eman digu lezio ederrena”, zioen Baleren Bakaikoak Zeruko Argia-n.

Asanblada eta “gestora” haiek masiboki atera zuten kalera euskal presoen eskubideen aldeko borroka, geroztik etenik izan ez duena, ziklo politikoak gorabehera. Orain, ia mende erdi geroago, Sarek iragarri du amaitu dela mobilizazio handien garaia, urtarrilaren 9ko Bilbokoa izango dela azkena.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Pedro Loubet

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude