Desazkundera bidaia (1993)

Uda hasi dugun honetan, norabait joateko motxila egiten ari denak akaso pentsatuko du halako tramankulu batean bidaiatzea ez dela oso ideia sanoa. Eta arrazoi. Txirri ta Mirri ta Txiribitonen Tortolika famatuaren antza duen hegazkin biplano hori, publizitaterako erabili zuten Banoa bidaia agentziakoek 1993an. Tartean, kukubilko, Mikel Essery abenturazalea dago, 2007n Yemenen atentatu batean hila.

Munduan barrena ibiltzeko beste modu bat proposatzen zuten, ez merkeagoa, baina bai urruneko errealitateak ulertzeko pentsatua. Agentzia komertzial handiak Benidormeko egonaldien antzera “abentura bidaiak” saltzen hasita zeuden, eta haien aldean, bidaiaren “artisauak” zirela zioten –horrela diote orain ere–.

Hasi berri ziren gaur egun bizi ditugun eztabaidak: turistifikazioa, jasangarritasuna… Baina 7,5 euroko tasa turistikoak ez genituen usaindu ere egiten. Ipar Euskal Herrian salbu, turismoa ez zen arazo gurean. Pako Txabarri himalaista zailduak eta Banoako arduradunak (irudian, goiko aldean) iragarpen bat egin zion ARGIAri agentzia handi haiei buruz: “Gu baino aurreratuago doaz, heltzen diren tokiak kontsumo produktu bihurtuko dituzte”.

Desazkunderako bidaia beste erremediorik ez dugu, eta Asier Basurtok Turismoa. Desazkundera bidaia liburuan azaldu lez, bideak bi plano ditu: norberaren hautua eta erantzun kolektiboa.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Banoa / ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude