Etorkizunera garamatzan irudi distopikoa da goikoa. Duela ia lau hamarkada 1989ko lehorte handian ateratakoa, 2100. urtean ohiko eszena izan daiteke: IPCCren arabera Lurreko batez besteko tenperatura 5Cº igoko da mende amaieran eta %22 euri gutxiago egingo du gurean.
Lehorte hartan iturria itxita eduki behar izan zuten herritarrek egun askotan; Arabako herrietan erregu-prozesioak egin zituzten, eta argazkiko Uribarri Ganboa urtegiak apenas zuen beteta bere gaitasunaren herena (146 hm3-tik 50 hm3). Bilbo, Gasteiz, Arrasate eta ingurukoek edanerako eta aisialdirako erabilia, ura ia herriraino urrundu zen urtegiaren ertzetik eta,”katalejo ederrak beharko ditu sokorristak”, zioen ARGIAren argazki oinak, ironiaz.
Hedabideek “katastrofea” euren modura kontatu zuten: bateko suteak –hori ere eragin zuen lehorteak–, besteko ur mozketak… “Erreserbak urte amaiera arte baino ez ditugu, egoera beraz, ondo latza”, entzun genion Estepan Aldamiz gazte bati ETBko albistegian. Baina eguraldi zoro horren arrazoien berririk ez. Klima aldaketa oraindik kazetari gutxi batzuen kontu imaginarioa zen.
Aurten El Niño-k ekainekoa bezalako beroaldi itzelak eta lehorteak oparituko dizkigu udatik aurrera. Larrialdiaren aurrean, ez gaitezen berriz erregu-prozesioak egiten hasi, kataloxarik ez baita behar arazoa non dagoen ikusteko.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa


