Caparicako mendiak atzean zituela, Lisboako itsasertzean egin zion Xabier Letonak goiko argazki poetikoa Xose Manuel Beirasi, 1994an, indarrean jarri berri zen Maastritcheko Itunaren harira, UPD portugaldar alderdiak BNGrekin eta HBrekin antolatutako forum batean.
90 urterekin hil da buruzagi politiko historikoa. Familia abertzale eta galiziar hiztunean hezia, ibilbide korapilatsua egin zuen, borroka antifrankistatik hasi, BNGtik pasa, eta ezkerreko marea-taraino. Bere izaeragatik zen ezagun Beiras: “Berba pausatu eta isiletik berehala pasatu liteke dramatismoz jotako hizketaldira”, zioen Letonak. Obituarioetan gogoratu dute Manuel Fragari zapata erakutsi zionekoa –Khrustxov imitatzen–, edo Alberto Nuñez Feijori Arousako narkotrafikanteekin zuen harremanagatik mahaian ukabilkada jo zionekoa.
Baina hori baino gehiago zen. Intelektual jantzia, itzultzailea eta ekonomialaria ere bazen. O atraso económico da Galiza (Galiziako atzerapen ekonomikoa) liburuan herrialdearen kolonizazioa salatu zuen, kontzeptu ekonomikoei literatura kutsua emanda; ez da kasualitatea Antón Avilés de Taramancos poeta lagun min izatea. Baina Beirasek poesia bakarra idatzi zuen bizitzan, gaztetan, nahiz eta, Nós Galiza aldizkariari azken elkarrizketan aitortu zionez, hurbilekoek hori egitera animatzen zuten, poesiarako dohainak zituela ikusita: “Ez nuen egin”.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Xabier Letona / ARGIA CC-BY-SA


