Haur-maitiak

Pablo Sastre Forest
0

Amaren eta umearen arteko oraindik-oraingo lokarria berdefinitzea da, giza-biologiari dagokiola, ekonomia kapitalistaren destino prioritarioa.

Ekonomia horrek hemen hauetako emakume langileak beren baitarik umerik ez izatera edo, izan ezkero, desatxikimenduan edo kondizio traketsetan hazi behar izatera bultzatzen ditu.

Ildo horretan ulertzen ahal dira “garapen pertsonalaren” eta “askatasunaren” inon direneko ideiak, inoiz eztirenak haurrak izatea edo haztea lehenesten duten gurasoentzat edo haurrak zaintzeko dirubako lanez hitzegiten delarik erabiltzen.

Ildo beretik entenditzen ahal da heldu den urtetik goiti Espainialdean indarrean sartuko den legea, haur-eskolen doakotasuna ezarriko duena. Gizarte-eskaera bati erantzuten diona, dudarik eztena: funtsean gurasoak, orduak eta orduak haurrei begira ibili partez, beste zeregin batzuetara dedikatu ahalko dira…

Dirutzen den aktibitatearen zentralitatea onartua duten gizon eta emakume askok, bizitzako balio inportanteez hitzegiten dutenean, haurrak izatea balio horietarikoa ote den kuestionatu ohi dute; soldatapean lan egitearen balioa, ez dute kuestionatzen.

Berdintasun ideal establezituari buruz, bai ama aberatsekiko, bai gizonekiko, eta bai ama ez diren emakumeekiko, hala etxeetan nola lantokietan, desabantailan izaten dira umeak dituzten emakume langileak. Ama-izateak eurei ekarri ohi dien errotiko desigualdadearen aurrean, ez komunak, ez gizonek ere hartu ohi dute beren gain, zaintza-behar berrietan legokiekeen nork bere partea.

Korrontez kontra ibiltzeko sentsazioa du, hartara, hainbat amakumek; ez gutxik, haurrak izatearekin aukera ona egin ote duten, duda egiten du.

Horiezaz gain, inpotentzia bezalako ezin-izate fisikoengatik ere, gizajendea berez erreproduzi dadin neke den bizi izatean, bai-ala-baiezkoa izatera heldu da, hainbat guraso-nahirentzat, ernalketa artifizialaren industria. Sen onak, harekin kontuz ibiltzeko eskatzen digu. Kapitalismoaren eskutiko zientziak, bere aldetik, jarraitzen du giza-ugalketa zatika-zatika laborategietara tokialdatzen.

Ume-galarazteko erraztasunek (legeztatutako kontrazeptiboek eta abortuak), haurgintzari buruz, oro har, mendebaldeko emakumeen -jakituria ez baina- erabaki-ahala haunditu bazuten, ugalketa-teknologiak, berriz, nahi-unean ama izaten ahal diren ilusiopean, ama-izateko eurenezko gaitasuna eta esperientzia bera edo esperientziaren atalak ari zaizkie ohosten.

Joan den mendean indarra hartu zuen umekia-amagandik-aparte kontsideratzeari lotua da hori. Aparte, ez arima propiodun izakitzat, ez arima-gaitzat: medikuen zientzia-interbentzio-gaitzat, aparte. Fetuaren monitorizazioa, ekografiak, amniozentesia edo test genetikoak azken hamarkadetan arruntu badira, furi-furian diren praktika komertzialak dira, berriz, in vitro ernalketa, obozitoen donazioa, enbrioiaren sexuaren hautatzea…

Haur ez-desiratuak bakantzearekin, haur desiratuekiko esijentziak haunditu ziren. “Amatasun intentsiboa” deituan igartzen ahal duguna da: bere haurrarentzat baino begirik ez duela dirudien, entrega totaleko ama-izateko modua.

Batzuek, moda ixtori edo ama belaunaldi baten maneju falta edo txoramena ikusten dute hortan… Nago, zerbait sena ere ikusi litekeela: mundu aldrebes eta arriskosoan, beren umeen defentsa zail, temati, esperantzatu eta hargatik desesperatu antzekoa egiten ote duten ama gazte horiek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA