Euskara arrunta

Pablo Sastre Forest
0

Euskara… herrian herrikoa, zein bere doinukoa, askotan harrigarria, sarritan ederra, batzuetan ulergaitza… izan da nire euskara gogokoa: ezagutu nuenetik atrapatu, argitu, ernatu nauena.

Aire biko sarrera egin nuen nik: Ataun, Urepel, Iturengo… baserrietan, eta espainoletik euskaratu nintzen.

Garbia etzena, erdarakada, xx. mende hasierako nazionalismoak “sortu” eta baztertu bazuen, xx. mende bukaerako nazionalismoak beste beste bat: instituziopekoa etzena “sortu” eta baztertu zuen.

1980. urteetan, historian lehenengoz, merkantzia gisa, eskola eta komunikabideetan hasi zen euskara masiboki banatzen; masibotasun horretan lehenengoz, herri-hizkuntza, “ama-hizkuntzak” ordezkatu zuen.

“Ama-hizkuntza”, haurrak ikasten duen lehenengo hizkuntzarentzat erabili ohi badugu, instituzioek, eurek, herritar bakoitzari “sortzez dagokion” edo haren “sortzetiko hizkuntza ofizialgaiarentzat” erabili izaten dute. “Ama-hizkuntzak” ziertotzat ematen du, gizakiak sortzez hizkuntza batekoak direla; eta, hizkuntza hori, inola ere batua edo bakarra dela: ezta behintzat arratiera, edo baztanera izango. Hizkuntza ez da gehiago herrikoa, edo etxekoa, ezpada, amaren izenpean, zakutik edo zorrotik, Estatuarena: zirkulazioa edo osasuna bezalaxe, Estatuak zuzendu eta babestu behar duen zera batean bihurtzen du hizkuntza. “Ama-hizkuntzak”, espresioa sortu zenetik, instituzio-kausa baten zerbitzuan jarri izan du hizkuntza: herritarrek Biblia irakurri ahal izan zezaten erakusten zen hizkuntza izan zen joandaneko mendeetan; Estatuaren esistentzia justifikatzen duena izatera heldu da geroztik.

Euskara batua eta jatorriko euskarak ez liratekeela aurrez aurre jarri behar, irakurri diogu Yolanda Elorriaga Iturriri arestian: “Euskara batuaren egitekoa euskarari bideak zabaltzea da, eta ez euskarari bideak ixtea. […] Euskara guztiak dira euskararen aldekoak”. Euskara guztiak ez izan, ordea, herri-euskararen edo euskara biziaren aldekoak… Inportantea da prezisatzea: batuak berak ez, baina batuaren industriak (eskoletakoa, komunikabideetakoa, internetekoa), hark bai, euskara biziari bideak itxi izan, eta betiere itxi egiten dizkio.

Intentsitate maila batetik hara, medikuntzak ezgaitasuna eta gaixotasuna sortzen dituen era berean, intentsitate batetik aurrera, hiztunen destrebatzea eta euren ahalen hondatzea ekartzen ditu gain-ezarritako hizkuntzak. Produktu linguistikoek, puntu bateraino baino eztute jendeak bere-beretik edo bere taldean-izatetik egiten duena konplementatzen. Puntu horretatik hara, ekoizle profesionalentzat baino ezta onuragarria produkzioa.

Euskara batuak, bazuen izatea, bultzatzaile batzuen asmotan izan zen bezala: “Hor dago, behar denean, behar duenarentzat”. Herri-hizkerak ukatu gabe, haundia zen, eta da, elkar ulertzearen arrazoia… Nazio-hizkuntza (laster autonomia-hizkuntza, esan nahi baita, Estatu-hizkuntza) izateko ere sortu zen, ordea, batua. Bide horretatik, hogei urteren buruan, euskara ubideratua, despojatua, purifikatua, sometitua nagusitu zen gure mintzoaz. Herri-berbetearen zuztarrak lurrik gabe, izerdirik gabe gelditu ziren.

Akulturatze hori, herri-solidaritateak gainbehera zetozen garaian eta, neurri haundi batean, telebista zela kausa jazo zena, belaunaldi baten edo biren gorabeheran gertatu zen Europa osoan. Inguruko nazio haundien aldean, hamabost edo hogei urteko atzerapenez gertatu zen hemen.

1982tik, espainolezko eta frantsesezko telebista-kateen zapa-lanarekin bat egin zuen Euskal Telebistak. Euskal Telebistak etzuen, kate haien penetrazio akulturatzailearen aurrean, jendeen hizkuntza biziarekin bat egin: euskara normalduaren ilusioaldi betean, bertatik bertara, ezinbestean, hizkuntza bizia higatu, degradatu, bere etxean arroztarazi zuen.

Etxe bizi bat akademia-arauez edo adreilua baino haundiagoko elementu modularrez eraiki ezin den era berean, hizkuntza bat ezin da industria-materialez edo metro t’erdi baino haundiagoko distantziatik bizkortu.

Hizkuntz industriak gure esku jartzen dituen elementuekin mesfidati edo, denean ere, ez-esperantzati izan behar ginateke. Industriak eztu euskararen “bizirautea”, are gutxiago haren biztea bermatzen ahal. Estatuari edo merkatuari euskara biz dezaten eskatzea, ekonomia sexistari gizon eta emakume ezberdinen igualdadea bultza dezan eskatzea bezalaxe da. Geure burua frustrazio berrietara kondenatzea da, eskubideen izenean, instituzioei hizkuntza bizia susta dezaten ekimenak eskatzea.

Etsaia kanpoan eta bertako instituzioetan eta erabiltzen ditugun teknologietan lagunak ikusten ikasita gaudenez, ezta erraza imajinatzen, baina… euskara desformateatuan eta desinstituzionalizatuan baino ezta komenentziarik izango. Euskara arruntean baino eztaiteke euskara bizirik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA