Laztana

Pablo Sastre Forest
0

Superreko kolan, urte t’erdiko alabatxoarekin zijoan nire aurretik emakumea. Esku-grazia batzuk egin nizkion umeari, amaren hanken atzean ezkutatu zen bera.

“Noski, esan nion amari, aurpegia ez dit ikusten-eta…”

“Ez da horregatik izango, esan zidan hark, maskarak ikusteak masbien lasaitu egiten du. Lehenago, esan zidan, pasteleriatik irtenda, espaloian eserita zegoen, erretzen ari zen gizon bat ikusi du, negarrez hasi da”.

Amaren hanken atzetik agertu zuen burua umeak, begira geratu zitzaidan; laztan txiki bat egite aldera hasi nintzen eskua pixka bat altxatzen… “Irrespontsable asko dabil, segitu zuen amak, hola ez da erraza izango pandemia kontrolatzea”… Haurraganaino gabe, neure sudurrean hazka eginez bukatu zuen eskuak.

Itxialdiaren hirugarren hilabetean izan zen. Bere soilean, apuntatu nuelako ekarri dut hona.

Ordurako, eta geroztik, zenbat horrelako hutsaldi. Zenbat laztan galdu, zenbat irri estali, zenbat musu hoztu. Zenbat esanezin, zenbat ondoez, zenbat abandono.

Airez, lagunez, besteren irribarreez gabetutako haurrak… txiki-txikitandik boterearen bidegabekeria barrendutakoak… trastornatuak, buruz gaixotuak, medikatuak; aletargatuak, gauzeztanduak, sometituak.

XX. mendearen hasieran Australian eta Kanadan bahitzen zituzten haur indigenentzat egin genuen legez; mende beraren erdialdean hiltzeko ganberetara eramaten zituzten haur juduentzat egin genuen legez; 1980. urteetan, Somaliako haur musu-mirrindu, sabel-hanpatuentzat egin genuen legez… bertatik bertara egin dugu, orain, haurrentzako negar.

Gehienak bizirik atera dira, baina burua makurxeago, irria gordexeago, begirada iheskorxeago…

Guraso asko ez ginen arau haien alde. Bakarrik geunden, ordea, beldur ginen, zer genezakeen guk… Gure seme-alabak hazten diren ingurua aldatzeko gauzaez, aldatzeko barrurik ez… zegoenera moldatzen lagundu genituen.

Haurrak hola utziesten dituen zibilizazioa, ez dateke bere azkenetik urruti.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA