Zeru zaharra

Pablo Sastre Forest
0

Iñaki Segurolak ondo bereizi zituen bi jakin-moduren artetik, goi-jakintzaren eta herri-jakituriaren artetik, bi horiexen arteko desenkontruak sortzen duen arrakalatik esan nahi dut, ezjakintasun berri bat argitu eta zabaldu da aspaldietan gure artean: zientziaren produktu guztiak arbuiatzen dituen edo ukatzen dituen ezjakintasun berri bat.

Ukoak uko, orain ez du ematen hala daudenik baina, zientziaren oinarrian egon behar lukete duda, mesfidantza, eszeptizismoa. Duda behar du zientziak – zientziak, seguru ere, duda prozedurazkoari leku utziko dio baina, ez dio duda sozialari tarte txikienik ere uzten.

Proposatzeak inora balerama, zein bere ikerketa-alorrean bixi-bixi ari diren zientzialariei, beren lanak daukan esanahiaz eta dauzkan ondorio sozialez pentsamentukatzeko, proposatzen ahal litzaieke.

Horietako zenbait-zenbait zientzialari bederen, ohartzera iritsiko balira ezen, barreiatze eta suntsitze sistema batek bizi dituela eta, sistema horren barruan ari izanki, barreiamenduaren eta suntsimenaren faboretan ari direla… osotasuna sortze aldera, beste norabide bat hartzen ahal luke beren zereginak.

Bizitza artifizialtzeko eta giza-harremanak mekanizatzeko proiektuetan lehiatu barik; munduaren gaineko dominioa eta haren perfekzioa bilatu barik… zientzia konbibialaren bidetik, merkatutiko dependentzia arintzeko eta bizitza atseginagoa egiteko elementuak eskaintzen ahalko lizkigukete.

Lainoek alde egin eta, agertzen den zeruaz esaten da Baxe Nafarroan zeru zaharra; edo xeru xaharra: “blu poxi hura, laino artean, ixtaño bat”, irrisarriarrak esan zuenez.

Zuhurtzia eta umiltasuna falta ditu zientziak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA