Patri, arra eta katua

Pablo Sastre Forest
0

Patriarkatua:

1. Patriarkaren agintea edo kargua. Familia-burua da, Testamentu Zaharrean, patriarka.

2. Agintea gizonezkoen esku dagoen gizarte- edo familia-sistema, emakumezkoen esklusio esplizitoarekin.

Ulerkera libreagoko definizio bat sortu zen 1970. urteetatik, feminismoaren eraginez jende askoren gogoan nagusi izatera heldu dena. Sexuen arteko harremanak, sexu biek eraikitzen dituztenak, garatzen diren marko moduan ulertzeari utzi (bera zen-eta p txikiz ahoskatzen zen patriarkatua), eta gizonezkoek emakumezkoak sometitzen eta zapaltzen dituzten esplotazio sistema dela onartu da, hainbat zirkulutan, ezkeroztik, orain p larriz ahoskatuta, Patriarkatua.

“Historiaren une batera heldu gara non gizonak – idea patriarkala haragitzen duten neurrian – bizidun izaki guztientzat arrisku bilakatu diren” (Adrianne Rich, 1977).

Honenbestez, bada, Estatua, industria edo gizartea bera ez baina, gizonak dira arazoa, aurrena zapaltzailetzat, gero borrerotzat emanak. Sexu-diferentziaren baitan berdintasuna eta askatasuna nahi izatetik “Patriarkatuaren desmantelamendua” nahi izatera heldu dira feministak, esan nahi baita, praktikan: ar>gizonen eta eme>emakumeen desmantelamendua.

Aspaldion lagun batzuek ohartarazi dute hitzaren abusuaz. “Gauza bat da tratu-igualdadean haztea”, esan du, konparazio, Loola Pérezek (Maldita feminista), “eta beste bat, uneoro eta situazio guztietan sistema patriarkalaren mamua haizatzea”.

Behiolako patriarkatua (2. definiziokoa; oraindik hainbat jarreratan presente dagoena) eta azken ehun eta piko luze urtean zabaldu den eta pairatzen dugun sexismoaren arteko diferentziarik haundiena zera da: patriarkatuak, emakumeak bazterretsi eta desprestigiatu egiten ditu; sexismoak, emakumeen degradazio indibiduala dakar, eta – desigualeko kondizioetan – gizonezkoekin lehian sartzera behartu egiten ditu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA