Gaizkide

Pablo Sastre Forest
2

Jende asko hil da, hartu ziren neurrien ondorioz. Beste asko gaixotu da, burua galdu du. Haundiak izan dira gizartean eragindako desolazioa eta galera. Legea ez baina, tripak eskuan ditugula, krimen bat izan dela, ez dugu gordetzekoa.

Krimen horretan, beraizik, asko nahi gabe edo ia nahiezik, gehienok kolaboratu dugu.

Ordu gogorretan, injustiziari aurre egin gabe, haurren alde jartzeko partez, ministerioaren aginduetara plegatu ziren irakasleen kasua izan zait bereziki mingarria. Medikuentzat bezalaxe, haientzat diskulpagarri: militarizaziotik gertu izan zen funtzionarien enkuadratzea… Beti bada, baina, ezetz esateko gunerik. Izan ziren, aginduak bete ez zituzten irakasleak eta medikuak ere; suspentsioak eta zigorrak izan ziren haientzat.

Beste mediku batzuk haixetu, kaxkaberotu, oldarraldiaren buru-buruan jarri ziren… Batzuk, lubakietan ikusten dira oraindik.

Krimenean parte zuzena hartu dutenak, hura defenditu edo zuritu dutenak ere, haiek dira niretzako gaizkideak.

Politiko eta kazetari gehienen kasua izan da.

Politiko gehienak: aparatxiki, desintegrazio-sistemaren funtzionari txikiak: beren legitimitatea edo beren karrerak azkartzeko, industria bizi-akabatzailearen erasoaldiarekin bat egin dutenak.

Gobernuan izan zein oposizioan izan, politiko ezkertiarren afizioa izan da nabarmena. Koldar ala fededun, beren nagusiek ondo lotuta dauzkatela erakutsi digute.

Kazetariek, politikoen koldarkeria berendu dute. Batzuk argitasuna galarazten duen urjentzian biziko dira… beste batzuk, malonestak izan. Ez baitira tontoak, ez itsuak; jakitea zuten, hortaz, “pandemia” deklarazioaren eta segidakoen azpian gure osasun onarekin zerikusirik ez zuten interesak bazirela; heltzea zieten, bistan ez zeuden hariei; bazuten, besterik ez bada, ahots kritikoei lekurik ematea.

Euren arrazoimena blokeatzearen eta bestelako arrazoiei leku ez uztearen kausa, ez da, bada, ezjakintasuna izan, ezpada adore falta, sumisioa, edo besteren burutik pentsatzeko deliberoa.

Lubakitako mediku, politiko, kazetariek… politika sanitarioa ez kuestionatzeko hartu zuten erabakitik heldu zen, nire sumaeran, intelijentziaren aientzea; inoren begietara, absurdoa. Hainbat argibide eta hainbat arrazoi on ukatuta, gezurren harrobia hartu zuten beren lanleku bakartzat.

Kriminalen eta kriminalen ondokoetarik bat ere ez da auzitara eramana izan – funtsean, hobe hala. Dimititu duenik, berriz, edo bere damua erakutsi duenik, diskulpatu denik ere, gutxi dago oso.

Zertan-hartan atzera egin, edo eragindako mina aitortu balute… baina ez; ez baita buru nahaste pasakorra, zoro-krisi bat: delirioarekin bat egitea, haren parte izatea erabaki dute.

Gaizki eginaren ez aitortzeak bide ematen du, luza dadin krimena, segi dezan esperimentuak. Hobeto: ez aitortzeak esan nahi du, segi egingo duela.

 

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA