Paradisu familiarra

Pablo Sastre Forest
0

“Paradisu familiarra eztanda egin arte borrokatu” egingo direla esan zuten Bilgune Feministara inguratutakoek (Oñati, 2022, ekaina).

Paradisuarena, ez dakit nondik atera zuten: joan den mendeko 50. urteetako telebistako anuntzioren batetik, ote.

Familia, hainbat zera izaten ahal da. Badira familia tipo batzuk gutako batzuentzat oso gustagarriak ez direnak, horien artean oraingo familia nuklear tipikoa zeinak, zenbait gauza onaren aldean (batzuetan maitasuna badago! edo: gelditzen zaiguna da!, esan genezake), familia “tradizionalak” zeuzkan eskasia asko dauzkan, eta kontziliazioa bezalako aportazio beldurgarri batzuk.

Familiaren sena geldu zuten lehenak gizonak izan ziren, sena atzean utzi zutenak, tokian tokian beren lan-indarra saltzeko.

Familia-sena galdu zuten hurrengoak haurrak izan ziren, inproduktiboak izan eta sueltoegi ibili, eskoletara joatera behartuak izan zirenak.

Gizonak lantokietan eta haurrak eskoletan bahituta, mende erdi luzez, emakumeak saiatu ziren, kondizio txarretan jeneralean, familiari sen bat ematen, familia babesten. Haiek ere sen hori galdu zuten arte; gurean, 80. urteetan asko, “etxeko emakumearen” kondizioak eztanda egin zuen.

Paraleloki, esango litzateke: kapital putoarentzat familiak eta familia-emakumeek bazuten halako zentzurik, lan-indarra (merkantilizatua zein etxekoa) “erreproduzitzen” zuten neurrian, esaten den bezala. Zertako behar ziren, baina, emakumeak etxeetan konfinatu, bertan egiten zituzten lan haiexek, alde batetik, eta euren lan-indarra, bestetik, merkatura baldin bazitezkeen? Sinplea da, gero.

Kapitalismoaren aurreko familiak helburu bi zituen: señoreen prosperitatea eta familiaren beraren subsistentzia. Ez-libertateko unitate bat zen, hala emakume, nola haur eta gizonentzat. Familia hura kapitalismoak eta Estatuek txikitu zuten; haiek zituzten, soldata zela medio, emakumeak eta gizonak elkarrengandik bereizi, eta batzuk eta besteak haurretarik banandu zituzten.

Ezkerozko apañuetarik batek ere ez du pilatutako mina gutxiarazi.

Deseginda ya komuna; barreiaturik komuneko gizon eta emakumeak… familiaren ordua zen. Ez ya familia tradizionala, dagoeneko nahikoa trapuzartuta zegoena, edo familia nuklearra, zeina, guztiarekin, bestelakatu nahi izateko arrazoi onak badiren seguruenik. Kapital deseraikitzaileak, zeinaren eskutik joan ohi diren kontuok, sinpleki eta purki, sortze eta hazte unitatea den familia du, geroz eta gehiago, sobera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA