El hombre

Pablo Sastre Forest
0

Gure lagun batzuek beren haurrei, neska kozkor bat edo mutil kozkor bat ikusi, “pertsona bat” esaten erakutsi diete.

Mutil edo neska sexuetatik abiatuta sorturiko komuneko izenak badira, pertsona, berriz, historiaren une batean humanoek asmatu eta gerora erabili izan duten maskaretariko bat da. Pertsonak, Europan, hain xuxen, azken belaunaldietan maskara hori elkarri pasatu dioten gizakiak dira: beren aurpegia horixe dutela asumitu dutenak.

Sexuak zalantzan jarri gabe artean, generoak gainditu beharreko trantsizio-aldikoa da pertsona.

“Genero bernakuloen” (Illich) aroko emakume eta gizonetatik, “etxerako diren” emakume eta “kanporako diren” gizonetara igaro ginen (ekonomiaren eraginez des-generatutako pertsonak, emeak eta arrak sexuka banatuak eta des-berdinduak); haietatik, berriz, idealki sexurik ez luketen norbanakoetara heldu.

Eta, azken horien eskutik edo hankatik, perfilak: “bereizgarri multzo” bat, “erabiltzaile-identitate” bat, nor bere buruarentzat bezain besteentzako gardena, taigabe ebaluatua eta autoebaluatzen dena, bereak ez dituen irizpideen arabera.

Jendea banan-banan eta piezaka erabiltzeko bokazioa duen industriak eta gizonekin eta emakumeekin tratatzerik nahi ez duen ideologiak eraginda, gizaki tipo berri bat sortzen ari da: ez komunik ez sexurik ez daukan gizaki lisoa.

Emakumea eta gizona ezkutatzearekin, el hombre agertu zen (homo sapiens, eta abar), bisio patriarkalaren ondorioa, gizonezkoen nagusitasuna adierazteaz gain, yadaneko bakarra adierazten zuena. Norbanako asexuatuaren, perfilaren aurrekari patriarkala izan zen el hombre.

“Genero bernakuloak” oroimen kolektibotik abantxu ezabatuak, sexuen lurpetzea hartu dute gogoan batzuek orain. Asmo horretan noraino iritsiko diren, ez dakigu. Hargatik, errealiza daitekeen amesgaizto bat ari da bihurtzen.

Ez dakit asko diren beren seme-alabak sexu diferentzia ez jerarkikoaren errespetuan hazten dituzten gurasoak: semeak mutikotzat, alabak neskatilatzat (honaxeagokoak-haraxeagokoak eta horietan lekurik atzematen ez dutenak aintzat hartuta betiere): gorputz, nortasun eta kualitate desberdinak izanda, funtzio osagarriak dituztenak. Ez dakit. Polo sexistaren eta polo neutroaren artean adimenez bete-eske espazio haundi bat dagoela dirudit.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA