Bihotza nora

Pablo Sastre Forest
0

Diktadura batean egiak gutxi inporta izatea, edo demokrazia batean egia bakarra izatea, ez dira botere-motibu berriak.

Behialako zentsoreei orain egiaztatzaile deitzea ere ez da inon izan ez deneko amarrua.

Munduan egia bakarra izatea, bera bai izan da niretzako berria.

Orain arte, herri bakoitzak, klase bakoitzak, nazio bakoitzak edo estatu-bloke bakoitzak bere egia, edo bere egiak izaten zituen. Esan izan da, bai, eta badu itxurarik, bateko eta besteko aberatsak eta ahaltsuak, beren “egia sakratua” gogoan, herrien eta pobreen kontra elkar hartuta daudela. Ukrainan, kasu, begi argiz, edo begi erdiz begiratzez gero, teatro batean egoteko, Moskuk eta Washingtonek gerra gutxi gorabehera nola amaituko den dakiteneko sentsazioa izan ahal dugu… Badago gatazkarik alabaina.

Koronaldian – honetara nijoan -, haundi eta txiki, ipar eta hego, sartalde eta sortalde, hasierako Johnson baten edo Trump baten imintzioez eta Magufuliren uko petoaz bestalde, egia bakarrari men egin zioten Estatu-buru orok.

Ni niretik, nire txikitik, errebolbituta eta zerbait esan beharretan bai, bi urte luze hauetan ez naiz, baina, haundien egia bakarraren aurrean, “egia berdaderoa” esaten ahalegindu… Ez dakit egia non dagoen.

Hasieratik, atzematen nituen argi-une eta ilun-uneetatik neure ondorioak ateratzen saiatu nintzen. Informazio, iritzi eta erabakietako askok nire intuizioarekin txoke egiten zuten…

Neure “intuizioari” fio nintzela esan nuen batean, lagun bat asaldatu egin zitzaidan: datuei begiratu behar nien, datuei!… Intuizioa!!… Zer zen, bada, hura?

Intuizioa, niretzat, erne egoteari lotua zen, duda egiteari, esperientziari, zintzo izateari, bihotzak esaten zidanari…

Simone Weilek esan zuen, egia esan beharrak baino, “egiaren izpirituak” gidatzen zuela bera. “Egia” hitzaren baitan “ederra, bertutea eta edozein on-klase” sartzen zituen Weilek.

Iñaki Segurolak, beretik: “Ekar dezagun geure sentimenera ‘antzinako aditzaileek’ sentitu zuketena, ‘aditu berriak’ Egia bat erakusten ari diren bitartean”. Eta berak, oker ez banago: “Adituen lehen urratsa obeditzea da. Aditzaileena, berriz, aditzea“.

Aditzeak, euskaraz, nire belarritik barrena, esan nahi du: entzutea; usaintzea; ulertzea. Bizkai aldean begiratzeari, arreta emateari ere esaten zaio aditzea.

Intuizioa, adimena zen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA