Genozidioak

Pablo Sastre Forest
0

Alexandra Henrion-Caudek sufritu egiten du.

ARNri buruzko ikerketetan espezializatutako genetikalaria, Pariseko Necker ospitaleko ikerketa-zuzendaria izandakoa… haren ibilbide “etsenplarra” eten egin zen, orain dela bi urte, “txerto genetikoen arriskuez” ohartarazten hasi zenean.

Txertatzean, esaten du Henrion-Caudek – labur esaten dut nik -, hasieran gorputzak ez ditu txertatutako geneak elementu arrotz bezala ezagutzen: informazio genetiko propiotzat hartzen ditu; horrexegatik dute txertatuaren (edota haren ondoko belaunaldien) genoma eraldatzeko gaitasuna.

Sorrarazten dituzten arazo neurologikoez, “turbominbiziez” eta abarrez aparte… txertook gizakien ugaltzean dituzten ondorioei begira jarri da Henrion-Caude aspaldion.

18 eta 44 urte bitarteko emakumeak eta gizonak pairatzen ari dira Covid-19aren motibuz zabaldutako txertoen ondoriorik larrienak. Txertatutako hamar gizonetarik biri euren espermatozoideen bizitasuna gutxitu zaie…

Txertatu ondorengo asteetan, hilekodun emakumeen erdiari odoljarioak haunditu egin zitzaizkien. Hamar emakumeetarik bati ziklo menstruala alteratu egin zaio. Hainbatek utzi egin dio hilekoa izateari; arrunt bilakatu da 30 urteko emakumeak menopausikoak deklaratzea.

Pantailako bilatzailean, Henrion-Caudek egiten duen baieztapen batzuen ondotik, egiaztatzaileekĀ faux ipini dutela ageri da. Dena dateke faltsua. Henrion-Caude bera “konplotistatzat”, “kristau fanatikotzat” edo “histerikatzat” jo izan dute kazetari askok.

Henrion-Caude minduta dago; ez beragatik, dio, jendeari egiten ari zaion malur eta kalte izugarriagatik baizik. Elkarrizketatu duen kazetariaren aurrean irri egiten du. Gauean ez du lorik egiten.

Laugarren txerto-aldia ireki da gurean…

Badu 30 urtetik goiti ez dudala genozidio hitza erabili, ez bada juduentzat, armeniarrentzat, Amerikako indioentzat… denak ere noski, beren momentuan, tokian tokiko botereek gorde eta ukatu zituztenak.

Munduko Bigarren Gerra bukatu zenez gero hainbat komunitate pobre eta indigenen aurka erabilitako antzutze praktiketatik oraingoetara ekar dezakeen ildoari erne…

Indigena haien edo juduen eta besteren genozidioen aldean, oraingo krimenak partikularitate batzuk baditu:

– Ez du helburu deklaraturik; hainbat kalteren artean diluitua da kalte genetikoa.

– Aski “igualitarioa” da: ez ditu bakarrik etnia batekoak, edo pobreak bakarrik afektatzen.

– Ardura behin ere baino barreiatuagoa da, ia ikustezina izateko punturaino. Eragileek, edo haien eskutikoek, kalteak, onartzen dituztenean, albo-kalte jasangarritzat jotzen dituzte.

– Gizarteak aise irensten du. Henrion-Caude bezalako mintzatzaileak deskalifikatuak dira, intsultoraino, aurki erotzat seinalatuak.

Esaten duzuna esaten duzula, kontra bazaude, zure hitz guztiak begi psikiatrikoz ikusiak dira; buru-osasuna zaindu beharreko sujetoa zirateke.

Beste historia zahar batzuk gogorarazten dizkit horrek…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA