Sexuz kanpo

Pablo Sastre Forest
0

Ez jaramonik egiteko, esaten didate; ez duela merezi. Disparateak beren pisuz, edo beren pisuezaz eroriko direla.

Baina… gazte hautsiak ikusten ditut. Gazte minduak, gazte zaurituak ikusten ditut; zauria zauriaren gainean, eta ixila.

“Uste dut humanoak, lehenik, pertsonak direla, eta generoa eta sexoa zerbait fortuitoa direla” (Emer O’Toole, No es lo mismo zorro que zorra).

Fortuitoa, esan nahi baita, kasualitatezkoa. Dena da rola: badago desenrolatzea; dena da eraikia: badago deseraikitzea.

“Gure sexualitate eraikiak gure identitateen parte erabakigarria direla sinisten dugulako komentzitzen ahal zaigu, geure emozioak, harremanak eta familiak gizarte kapitalistari onura gehienekoa zaion maneran organiza ditzagun” (O’Toole).

Hasiera berridatziko dut:

“Gure identitateak deseraiki egin behar ditugula eta genero-sexuetatik kanpo bizi behar dugula sinisten dugulako komentzitzen ahal zaigu, geure emozioak, harremanak eta familiak gizarte kapitalistari onura gehienekoa zaion maneran organiza ditzagun”.

Joeraz, joan dijoan garai bati dagokio, nire ustez, O’Tooleren enuntziatua; bete-betean oraingoari, berriz, bigarrena.

Gaizki eraikita dagoena deseraikitzea ondo dago baina, batetik, txarrarekin batean ona ere ari da deseraikitzen, eta, bestetik, orain eraikitzen ari dena, guztiz inprobablea da ongi eraikia izan dadin, eta nahikoa segurua, berriz, kapitalismo berriei komeni zaizkien moldeetan izan dadin eraikia.

Aurreko mendeetan “genero bernakuloak” deslotu ziren. Kapitalismoarentzat haiek ez ziren ezertarako; traba egiten zioten, gainera, bere martxan. Sexuak zaizkio trabagarri orain. Industria kapitalista sexuak ezabatzera daraman logika itzelezkoa da, gorputz eta arima, bizia duen oro apurtu eta ebatsi, desegin eta berregiteko bokazioa baitauka. Horren baitan ulertzen ahal dira, konparazio, “beren generoei ez dagozkien sexuak” dituzten haur eta gazteak, dauzkaten gorputzetan bizitzen lagundu gabe, sexuz muda daitezen azken bi-hiru urtean eginiko aurrerapenak.

“Sexuak”, irakurri diegu bertoko feminismoaren ideia-sortzaile biri, “ez du inolako garrantziarik. Sexuek, jendea sailkatzeko balio dute, baina berez ez dira esistitzen; hori ulertuta, oso erraza da sailkapen berriak sortzea. Emakumeak materialitate jakin bat dira, gizonak ere bai; beraz, materialitate edo gorputz deberdinak sortu behar dira, gizon-emakume kategorietatik kanpo”.

Lego-mentalitatedun unibertsitate-joko gaixtokatuak zaizkit, neoliberalismoaren subproduktuak, industriaren joanera eta abantzeekin oso batera datozenak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA