Ogia eta gatza

Pablo Sastre Forest
0

Gure artean, edonork kalean suma, geroz eta gehiago dira etorkinak “soberan” daudela uste dutenak.

Eskuinak eskuinekoak, ezker tradiziotik heldu diren Europako erreboltatuen artean, diskurtso batek lekua hartu du azkeneko urteetan: migrazioa, eliteen tresna da, bertako herriak pobrearazteko, herritarrei eskubideak kentzeko eta herri-kulturak suntsiarazteko baliatzen dutena.

Bihotzez ari direnetz alde bat – bihotzez ari izatea bera ere aski kezkatzekoa litzateke – jokaldi politiko bat iruditzen zait ikustea: populua badoakiola ikusten du ezkerrak, eta…

Adi ditzagun arrazoiak.

 

Adimenerako, 1

Jendeen hona-harako behartuak, zitala ez denak, ezin ondo ikusi.

Migratzaileen etorrera, bertako langileei eskubideak kentzeko eliteek probestu egiten dutela… ados.

Komunitateen barreiamenduak eta gizakien suntsipenak hartzen ahal duten formetako bat dela migrazioa… bai, ba.

Kontsiderazio humanoengatik ez baina irizpide demografiko eta ekonomikoen arabera erakarri ohi direla migratzaileak… jakina.

Hortik aurrera, kontuz.

 

Datua

Europar Batasuneko poblazioaren %5a osatzen dute Batasunetik kanpoko etorkinek – eta, horietan, ez dakit esanguratsua den, baina baden beldur naiz, hirutik bat, bederen, ukrainar edo beste, Europakoa bertakoa da.

 

Adimenerako, 2

Diño Arlie Russellek: “Ilaran zaude. Ilararen buruan amets amerikarra dago, indar biziz desio duzuna eta merezi duzula sentitzen duzuna, zeren lana gogor egin duzun, arau oro obeditu dituzun… baina ilara ez da mugitzen. Eta, orduan, ikusten duzu, han aurrean, jendea kolatzen ari dela”.

Behekoak behekoei kontrajartzera garamatza ilararen irudiak… Ez baita esaten, hemen, “kolatu” direnak eta injustiziak sorrarazten dituztenak, goikoak direla… Horrenbestean, aberatsenekiko desigualdade haundiak baino, gure modukoekiko desigualdade txikiak esanguratsuagoak direla ematen du. Aberatsei begia luzatu partez… pobreak, ezin ikusi. Gure dependentzia eta gure inpotentzia aitortu gabe, gure kontrarioak, gu baino pobreagoak diren haietan ikusi.

Lehengo larunbatean Jose Mari Esparzak artikulu batean hitz egin zigun emakume batetaz zeinak “etxez etxeko garbiketan lan egin zuen beti eta, ia erretiroaren atarian, soldata erdiaren truke lan egin behar zuela edo bere lana etorkinek egingo zutela”.

Migratzailerik gabe alde ederrean biziko ginatekeela, edo gure bizi-mailaren hondoratzearen kausa migrazioa dela sinistea bada, ba, sinistea!

Desagun argi. Europar asko “ongizatea” eta “eskubideak” (hainbaten begietara, “pribilegioak”) galtzen ari gara, eta… ez dugu nahi galtzerik.

 

Haundien Europak zer egingo duen

Kontinenteaz kanpoko migrazioari buruz, Europako eliteen estrategia, eszenatoki edo elementu hauen konbinazio batean burutuko ote den:

1. “Ate irekiak”: holako eta halako lanak migratzaileek egin ditzaten… soldatak jaitsarazteko eta “eskubideak” galarazteko, haundiek probestuko dutena.

2. “Europa gotorleku”. Hain da ebidentea, ez baitu komentariorik behar. Halaz ere, noski: jendea sar dadin, zirrikituak utziko dituzte zabalik.

3. “Europa desmandatua”. Zirrikitu horietako batzuk erabiliz, legez kanpo ere, mota guztietako esplotatzaileek eta jende-trafikatzaileek, beren komenentzian ekarriko dituzte migratzaileak. Parez parean, berriz, migratzaileengandik babesteko “defentsa-taldeak” antolatuko dira Europako kaleetan.

4. “Protektoratua”. Europako ateak afrikar eliteentzat irekita izan, Afrikan bertan “garapenerako laguntzak” banatuko dira: hango nazioak soka motzean atxikita eduki alde betiere.

 

Itxi nork, ateak?

Migrazioei dagokienez, inoiz harrera oneko urrina (ongi etorriak, etorkinak!), inoiz arbuio-hatsa (etorkinak kanpora!) hartzen du, beraz, Europako politikak.

Zeinek zabaldu eta zeinek ixten ditu, baina, migratzaileentzat Europako ateak? Guk ez. Globalizazioaren indarren aurrean, guk, txikiok, ezer gutxi egiten ahal dugu.

Bitartean, “la migración masiva es una lacra [orbana] que lastra y desarticula a los pueblos que la reciben” (Esparza) bezalako abstrakzioak esatea (daukaten egia zatia arinki baztertu gabe), adierazteke, zein izan litekeen horri buruz gure akzioa, akzioa bera, hain xuxen, merkatu-indarren eta estatu-indarren baitan uztea da. Alegia, Esparzaren ideia, migrazioari bideak itxi egin behar zaizkioneko ideia, ideia hutsa da, iritzi-alde edo olde baten berri ematen duena, bai, baina ekimen propio baten faltan, haren gauzatzea indar arrotz edo ez-popular haien eskuetan uzten duena.

Azkenean, migrazioari buruzko diskurtso abegikor-humanitarioa eta diskurtso errefusatzaile-gerreroa, diskurtso beraren bi aurpegi dira: kontrol beharrezkoaren ardatzean artikulatzen dira biak.

 

Gure esku, zer dago?

Jendea ikustea, beharbada?

“Pobreok toki guztietan molestatzen dugu”, esan zidan lagun batek behin…

Egin ahal duguna: heldu denari, “ogia eta gatza” eskaini (abegi-seinale). Harekin amableak izan – eta, noski, gu ere (*), bertakoekin amableak izan… Herribarruko edo etxebarruko egiten, etorkina akonpañatu… Azken batean, gaudenak eta gatozenak, elkarrekin eraiki beharko dugu mundu bat… gure mundua izan dadin, saiatu behar duguna.

 

Eskubidea

Behin ez da asko izango-ta, eskubideak aitatuko ditut. Gu, legez, munduan barrena ibiltzen ahal gara (porzierto, ze bestelako moduz hitz egiten den turismoaren “orbanaz”!)… migratzaileek, askotan, ezin dutena. Afrikarrek eta abarrek munduan libre moduan ibiltzeko eskubidea izan behar dute – edo, inork ez izan eskubiderik.

Nago, geure “eskubideetan” asko sinistu gabe ere, behar duelarik besteenak defenditzea, ez dagoela gaixki.

 

(*) “Gu ere”: gu, etorkinok ere. Ez baitut etorkinaren eta bertakoaren artean halako bereizketarik egiten. Ez dut pentsatzen, eta saiatzen naiz ez sentitzen, “bertakoa” eta “kanpokoa” bi izate kontrajarri, bi kategoria berezi direnik. “Etxe hontako alaba zara?” galdetu zioten, ezkondutakoan gizonaren familiaren etxera bizitzera joandako neskari. “Ez, etorkina naiz”…

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA