Amak

Pablo Sastre Forest
0

Berriz ere amez hitz egin beha’al dek?

Aitak ez gaitun ezertako…

Hori ba, hori ba: horri begiratu behar hioke.

Ados… Zin egiten dinat: azkenekoa.

 

Alde batetik, haurdun ez gelditzeko eta haurra galarazteko industriak eta legeak emakumeen esku jarritako aukera berriak ditugu. Bestetik, emakumeak (euren ezjakinean edo euren nahiaren kontra, sarritan) antzutzeko praktikak. Bestetik, produktu kimikoek, material kaltegarriek, genetikoki eraldatutako janariek, botikek, kutsadurak eta abarrek eragindako ugalkortasunaren gainbeheratzea…

Horiezaz gain, egun, amatasuna zailarazten edo galarazten duten beste traba batzuk:

1. Amen bakartasuna. Senideen, auzo-lagunen eta, bereziki, komuneko emakumeen urritzea. “Sistemak amatasuna gero eta eremu pribatuagoan bizitzera bultzatzen gaitu” (Ainara: Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren M ama* eme* ume*-n).

2. Esplotazioaren areagotzeak dakarren haurgintzaren eta hazieraren prekarizazioa. “Oraingo ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak nire itxaropen eta erabakiak baldintzatzen eta maskaltzen dituzte [ume bat izateari buruz]” (Noemí López Trujillo, El vientre vacío).

3. Bai merkatu-ekonomian eta bai itzalpeko ekonomian ere (trukean dirurik hartu gabe egin behar izaten den hartan) amen eta haurdun emakumeen lan-baldintza eskasak, kontsiderazio gutxia eta diskriminazioa: merkatu-ekonomian gaizkiago pagatuak dira, amatasun-baja irringarriak dituzte; itzalpeko ekonomian, euren bizkar izaten da lan-zama gehiena.

4. Instituzioen presioa: gizon-artean “aurrera” egingo badute, mentalitatea aldatu eta sozietateari, batipat diru-lanari emanagoak izan behar emakumeek. Esanguratsua, alde horretatik, tronpen lotura egiteko edo antisorgailuak erabiltzeko emakume ijitoek bizi duten presioa, oraindik orain ijito feminista batzuek salatu dutena.

5. Amatasunaren erretxazo konszientea. “Neure buruari galdetzen diot ea feminismoak erronka honi heldu ahalko dion: amatasuna destinotzat ez onartzea, haren erretxazo konszientea, inposatutako ez-amatasunarekin batera datorrela” (Diana Oliver, Maternidades precarias).

6. Ama izateak berekin dakartzan min eta inplikazioen aurrean, inposaturiko prekarizazioaren eta haur-murriztearen aurrean, beste aldera begiratzen duten hainbat feministaren proposamenak, funtsean, ama ez izatea enkorajatzen dutenak. “Instalatu dugun diskurtsoak amatasun desira ukatzera eraman ditu [emakume] asko” (Amaia Perez Orozco).

7. Bestelako ideia lagungarriak. Konparazio, emakumeek haurrak “ahal den beranduenik” izan behar duteneko ustea; sexua haurgintzatik eta gurasotasunetik desbinkulatzen duen ideologia; amatasunak, lehenik eta behin, esklabotza dakarreneko interpretazioa; bikote “heteroetan”, berriz, esklabotzaz gain, gizonarekiko sumisioa dakarrenekoa.

8. Aiten presentzia gutxia. Aitaren figuraren hondatzea.

9. Beldur, azelerazio eta kantsaziño giro batean, emakumezkoen eta gizonezkoen ahimena: adore falta eta energia propio falta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA