Makina motzak

Pablo Sastre Forest
0

Algoritmoek kaosean ordena jartzen dute, polizien antzera. Polizien antzera, pagatzen dituztenen zerbitzuan dira. Pagatzaileek, eurek definitzen dute zein ordena behar duen.

Algoritmoen aurreko garaian, nagusi edo beste, hanka biko arrainari gure ezadostasuna edo gure haserrea azaltzen edo iristarazten ahal genizkion. Algoritmoak helezinak dira, haien erabakia ez dago dudan jartzerik; hitzak usteldu eta haserrea lehertu egiten ahal dira gure barruan.

Algoritmoak ez du gatazkarik onartzen. Bere logikan kabidarik ez duena, oposizio edo trabarik txikiena, onenean doitu beharreko akastzat, arruntean eliminatu beharreko elementutzat hartzen du.

Algoritmoarentzat biziduna negatiboa da. Harentzat positiboak dira, aldiz, gogo hila, gorputz diziplinatua.

Gurekin ez dago erraza. Afektiboak gara, sentikorrak, minberak, ez beti prebisibleak. Emozionatzeko, asaldatzeko, estropezu egiteko, errailetatik ateratzeko joera daukagu. Gure eromenak geure ingurukoak afektatzen ahal ditu; inolaz ere osoari eragiten dio, negatiboki. Kudeatzaileen lana zaila da, gure lasaia gabe. Lasaitu egin behar gaituzte.

Programatutako makina “adimentsuek” beren kalkuloak egiten dituzte…

Kalkulatzea, guretzat, izaten ahal da pentsatzea (numeroak tartean direla sarritan; zenbait konplikazioz beti ere: “Zaude: kalkulatu behar dut”)… Herri-tradizioak txar-aldera ulertu izan du: “Gaiztoak mila kalkulazio”, esan zuen Txirritak. “[Gizon kaxkar haiek] orduko ben karkulok iñak izain zitiin”, Goizuetatik, Gertrudis Zubillagak.

Hargatik, kalkulatzea, bera da, adimenak beretzat dauzkan kualitate eta ahalmen guztietatik: sena, jakituria, sentiberatasuna, irudimena, talentua… makina “adimentsuak” egiten duen bakarra.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA