Lehen-lagunak

Pablo Sastre Forest
0

Euskal Herrira etorri eta laster izan nuen lehen-auzoen berri.

Ekialdera lehen-auzoak, mendebaldera auzo-hurrenak, edo, han eta hemen, beste barik, auzoak; inon ere baziren laguntasun-sare haiek dira niretzako preziosoak.

“1960. urteetan, irakurtzen dut liburuxka batean, Santa Grazin, etxe bakoitzak hiru lehen-auzo zituen. […] Etxe batek, arto biltzeko sasoian, bere hiru lehen-auzoak gonbidatzen zituen. Etxekoek beren haur txikiak inorenean utzi behar zituztenean, orobat, hiru lehen-auzo horietako batenean uzten zituzten. Etxe batean norbait hiltzen zenean, hil ondoko errituetan, lehen lehen-auzoak [etxetik atera eta eskuinera zegoen lehenak] laguntzen zuen. Erditu beharrean zen emakumeari, aldiz, bigarren lehen-auzoari zen lagün egitea”.

Puskaz geroago ezagutu nituen laneko lehen-erreparuak.

Tailer batean langile batek, aprendiz batek arruntean, edozein jakinbehar edo jakinmin zuela, jo behar zuen beste langile bat zen, harentzat, bere lehen erreparua, konparazio, ofizioa ongi ikasten lagunduko ziona.

Lanetik landa ere, bistakoa da lehen-erreparuen edo lehen erreferenteen garrantzia: haur batentzat, esate baterako, izan dadin ama, izan dadin aita, izeba, edo besterik: nork kaso egin eta nork maite, ez dezala falta.

Familian, sistema patriarkalaren ondorengotzat ematen ahal ditugun figura batzuk geratu zaizkigu: senargai-emaztegaiak, “zure gizona”, “nere andrea”… orain, jeneralean, “nere bikote-laguna” esatea nahiago izaten da baina.

Aurreko batean, ongi zer egin ez dakigun figura zaharkitu edo ez-eroso horiek saihesten laguntzen ahal digun termino bat etorri zitzaidan: lehen-lagunak.

Edozer behar dugula (infusio bat, sexua, pena bat kontatzea), gure lehen erreferentea, bera dateke gure lehen-laguna, gure lagun-hurrena.

Gero, apoio eta maitasun zera hauetan lehen-lagun bakarra eskas gertatzen ahal baita… izaten ahal ditugu lehen-lagun bigarrena, lehen-lagun hirugarrena…

Adulterioez edo poliamoreez solas egitea baino ulergarriagoa eta zinez atseginagoa zait.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA