Gazte komunista bati

Pablo Sastre Forest
0

Ez dut uste nirekin gogoratuko zarenik. Herritik alde joan nintzenean, oso gaztea zinen zu. Azkeneko urteetan, besteren ahotik jakin izan dut zure berri. Orain dela gutxi lagun batek esan zidan, gazte batzuekin eta beste gazte batzuen kontra kale-liskarren batean ikusi ote zintuen… Ez naiz horretaz hitz egiteko eseri.

Zure eta zure lagunen iritzi batzuk ailegatu zaizkit. Estimatu izan ditut feminismoaz, Covidez edo Ukrainako gerraz esan dituzuenak.

Batzuetan, bestela, zerbait irakurtzen dut edo zerbait aditzen dut eta badatorkit, irakurritako edo aditutako hori zurekin konpartitu edo zurekin komentatu egin nahiko nukeela. Hori bera gertatu zait segidakoetan.

Botereaz

“Boterea esistitzen den bitartean, espiritu-libertatea ezin da gauzatu. […] Deus ezin da ederra izan, berarekin espirituaren esklabotza, hau da, boterearen baieztapena badakar. Eta alderantziz. […] Ezinezkoa da espiritu-libertatera heltzea, bere kontrakoaren bidez. Sasi-iraultza bat da, boterea berresten duen iraultza. Espiritua boterearen germenetatik libre ez duenak ezin du iraultzarik egin. Zeren, inork ezin baitu berak ez daukana besteei helarazi” (Elsa Morante, Piccolo Manifesto dei Comunisti (senza classe né partito).)

Iraultzaz

“Aldea dago, iraultza historiaren etapatzat ulertu, edo bilakatzetzat ulertu. […] Beren bilakatze iraultzailean dago gizakien aukera bakarra, berak bakarrik exorzizatzen ahal du lotsa eta jasanezinari erantzuten ahal dio. […] Jendearen bilakatze iraultzailea: ez dago ezeren gain, ez du jomugarik ipintzen. Iraultzailea, arian ari da” (Gilles Deleuze, Claire Parnet, Dialogues).

Ideia haundiez

“Ez daukagu hauturik: ditugun problemen gainditze global baten ideia baztertu behar dugu; bestelako sozietate baten ideia, askatasunaren ideia, justiziaren ideia… kontzeptu globalak oro, inposible gertatu direnak. Onartzea, dolu egitea da. Korajea eskatzen du” (Miguel Benasayag, ¿Funcionamos o existimos?).

Egiaz

“Ez zaitezte abiatu arrazoia edo egia zeuekin duzuen printzipiotik. Ezer ez dakizuen printzipiotik abiatu” (Tatiana Ventôse, Je taille un costard à tout le monde bideoan: gazte ekintzaileei aholkua).

Sarean, zu zeu azaltzen zaren talde-argazki batzuk ikusi ditut. Haietan guztietan zuk eta zure lagunek aurpegi zirkingabe, gozogabe, hotz eta zorrotzak erakusten dituzue… Holakoak ote zareten, etorri izan zait… Ez da posible, pentsatu izan dut. Zu zeu behintzat, duela urte batzuk ez zinen holakoa. Dudarik gabe zerbait adierazi nahi duzuela, dabilkit. Zer ote da bera: bizi garen garaiari oso grabe derizkiozuela? serioan zabiltzatela? errukigabeak izango zaretela?… Dena dela: compañera…! Aurpegi horiek ez dute gauza on askorik iragartzen…

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA