Jokaldia

Pablo Sastre Forest
0

Duela mende erdi bat, Europan, emakume askok, zenbait feministak ere, ez zuten etxetik kanpo soldatapean lan egiterik eskatzen. Etxeko lanak ordainduak izatea eskatzen zuten.

“Etxean denbora osoan lan egiten duen familia-ama batek ez du bigarren lan bat behar” (Mariarosa Dalla Costak aipatua: Dinero, perlas y flores en la reproducción femenina).

Kapitalak eta Estatuak baiezkoa egin zuten: izango ziren, bai, lan haiek ordainduak… ez zuzenean, ordea. Emakumeak beren etxeetatik aterarazi zituzten, diru-truke lan egin zezaten, eta beste emakume batzuk urrundik etorrarazi zituzten, bertakoek orain egin ezin edo egin nahi ez zituzten lanak egiteko.

Estatuak bideratu zuen etxeko lanagatiko soldataren eskabidea, eta “emakumeek onartu zuten eskaintzen zitzaien autonomia suerte hura, alegia, emantzipazioa, baina ez zuten haurrak eta soldatapeko lana konjugatzeko mirakulurik egin” (Dalla Costa).

Amatasuna eta lana nola “kontziliatu”, hasi ziren berbetan adituak. Funtsean, bi helburu zituen estrategia planteatu zen: ume-kopurua drastikoki gutxitzea, eta beste emakume batzuk erabiltzea: familiakoak edo ordukako enplegatu domestikoak.

Nahiz eta, maiz, etxe-langileen edo umezainek emakume-soldataren zati haundi bat eraman, dirurik produzitzen ez zuen lana arbuiatzen zuten geroz eta garbikiago emakumeek. Klase apaleko emakumeak, nahiera eta arau ideologiko berriek (duintasuna, hobetzeko grina) eta kontsumo-nahi edo nezesidade berriek kanpolaneratu zituzten.

Azken mendeetako emakumeen lanaren historia, gure arreta hiru momentutan ezarrita ulertzen ahal da:

1, etxean eta etxetik kanpo, bizi zen espazio haietan emakumeak lan egiten zuen. (Subsistentzia; jauntxo-anderetxoengandik eta Estatutik hainbateko autonomia.)

2, emakumeak etxean baino ez zuen lan egin behar, familia zainduz, umeak produzituz, eta abar. (Sexismoa.)

3, emakumeak soldatapean lan egin behar du. (Neoliberalismoaren araberako igualdadea: jokaldia.)

Emakume asko komentzituta zegoen ezen soldatapean lan egitea, egin zezaketen zerbait, hau da, eskubide bat izatetik hara, eskubide bat ezezen, zerbait inportantea, zerbait ona zela. Geroztik, komentzituta ez zeuden emakumeak ere izan dira soldatapean lan egitera behartuak.

Jakina, ez dira behartuak umeak edo etxea atenditzeari uztera; hori bai, adierazten zaie inportanteena soldatapeko lana dela: hark emango baitie errespetua, berdintasuna, independentzia… Nahi dutenak “etxeaz eta familiaz” okupa, okupa daitezela, edo ez daitezela okupa, edo apaña daitezela; zeina, praktikan, esan nahi izatera dator: izorra daitezela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA