Arauak

Pablo Sastre Forest
0

Gilipollas aurpegia jartzen zait, sumatzen dut, autobusean sartzeko maskara janzten dudan aldi oro… eskerrak autoritateek, inork ez diezadan ikusi, maskara jantzarazten didaten!

… Koronaldi gogorrean, arauak arauen gainean, inor agilipollatzeko modukoxe bizimodua eramanarazi ziguten.

Batzuetan ez geneukan oso garbi ordenak edo aholkuak ziren, obeditzera gonbidatuak ginen edo behartuak; bigarrena ematen zuen; hala ere, ez zirudien lege bat zegoenik zeinaren haustea gogor zigortuta zegoen; eta, guztiarekin, baziren isunak.

Maiatzean dekretatu zuten pertsonen arteko metro t’erdiko distantzia, adibidez, neurri zorrotza zen, baiki… hura ere ez alabaina legezkoa?

Tenore hartan izango zen, gertatzen ari zenaren gainean Giorgio Agambenek argi pixka bat eman zigunean.

Instrukzioak, gomendioak, arauak eta dekretuak bazijoazen legearen tokia hartzen, esaten zuen Agambenek… “Gertatzen denaren legaltasunaz edo ez-legaltasunaz ezein galderak ez dauka zentzurik. Zuzenbidearen eta halabeharraren arteko hibrido bat da, zeinean bi terminoak bereiztezinak suertatzen diren”.

Udazkenean, txertoa etorri bitarte autokonfinatu egin behar ginela esan ziguten – egin behar ginela, esan: ez zen noski ordena bat baina, gomendio bat baino zerbait gehiago zen.

Hurrengo urtean, trena hartzeko edo tabernan sartzeko Covid-pasaportea erakutsi behar genuela esan ziguten. Efetibamente, Agambenek arrazoi: araua lege barrukoa zenetz, ez zuen askorik inporta – bete egin behar zen.

Batzuek esaten dute, politikariek “pandemia gaizki kudeatu” zutela. Horrekin esan nahi bide dute, gaitzari aurre egiteko on eta beharrezkoa zen dispositiboa ganora barik gobernatu zutela. Aitzitik, dispositibo aberrante baten kudeaketa kaxkarraz edo hala moduzkoaz hitz egin behar genuke.

Geroztik pentsatu izan dut ze, hainbeste arau eta xedapen ematearen esplikazio on bat hauxe izan daitekeela: infinitoki bete ezinak zirenez, beti gertatzen ziren zatiz bete gabe, eta hala, zifrak eta kurbak disparatzen zirenean, gaizkiaren arduradunek euren eskuak garbitzen ahal zituzten, eta arauak betetzen ez zituen jendeari egotzi kulpa.

… Problema ez zen obeditzea. Obeditzera ohituta geunden. Beti bazegoen desobeditzea, desobedientzia zigortua izango zen, eta abar.

Problema, problema berria zen, neurri-sorta kontraesankor eta erasokor haiekin, gerra zibil halako bat eragin zutela gure artean. Estatuak gutxi zigortzen zuen, edo legez kanpo egiten zuen: ez ziren-eta, bada, legeak. Instituzioak, enpresak edo autobuseko gidariak izaten ziren, zuzenbidetik kanpo, herritar lotsagabeak zakar hartu edo zigortzen zituztenak.

Bezinoak edo bidaia-lagunak begi txarra egingo zizun, senideak edo lankideak haserre. Arauek nahikoa kaltea ez, sengabekeriaz gain, maldadekeria instalatu zen gure artean.

Halatan, poliki-poliki, onen-onean edo asko konturatu gabe, barne-destrukziora eramaten gintuzten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA