Katazuloa
Sailkatu gabea
by Pablo Sastre Forest
  • Sailkatu gabea

Noe

Pablo Sastre Forest
2023-03-16
1

Srecko Horvaten eskutik jakin dut dilubioaren historiaren bertsio baten egilea zela Günther Anders.

Negar egindako geroa-n, dilubioa (“izan zen geroa”) deskribitzeko geroaldi perfektoa erabili zuen Andersek.

Noeri, inork ez zion kasorik egiten. Zetorrenaz abisatzeko, kaso egin ziezaioten, estrategia bat asmatu zuen: dagoeneko gertatutakotzat eman zuen hondamendia. Doluz jantzita, hirira joan zen. Nor hil zen, galdetu zioten. Asko hil zirela, esan zien, eta eurak ere hilda zeudela. Zein hondamendi gertatu zen, galdetu ziotenean: “Bihar izango da”, erantzun zuen. “Etzi, izan zen zerbait izango da dilubioa. Eta izandakoa izango denean, orain badena ez da inoiz izana izango; gogorarazteko beranduegi izango da, inor ez delako bizirik izango. Biharko hildakoez negar egiteko etorri naiz gaur. Etzi, berandu izango da”.

Horraino, Noe.

Günther Andersen biharkoan, esan nahi baita, haren “etzikoaren atzokoan” garelakoan naiz: dilubiope betean. Humanoen eurenezko gaitasunak tipitzen ari…

Eskapatzeko adina indar badukete bederenik oraino.

Noeren abisua entzunik edo, humanoak eskapuan dabiltza.

Batzuk, diru-hotsean, gaztelurantz eskapatzen dira.

Beste batzuk, lagun-hotsean, herrirantz…

Badira antzinako geroaldirantz eskapatzen direnak ere, bizi-denbora edo aditz-denbora berria, zeinaren jokabidea inork ez duen ezagutzen.

Edo, baikorrago ikusita, Isabelle Stengersen eskutik: “orainaldi ahistoriko eta afuturiko batean” sartzen ari dira, “ekintzak definitzen duen orainaldi batean: azeleratzeari uko egiten dioten sozietateen denbora, sozietate emekizaleak, ulertzen dutenak ezen giza-existentziarentzat beharrezkoak diren aldaketa kosmopolitiko guztiak ya gertatu ziren, eta gure zeregina ya-beti hori aseguratzea eta erreproduzitzea dela”.

Besteak.

Koronaldia baino lehen, besteak, bizidunok espantatzen gintuztenak, banpiro edo zombi, hilbiziko jakin haiek zirela uste bagenuen, epidemiarekin, gehienak hilbaiezean sumatu eta, pelikula hartatik atera zirenak, bizidunak, eurak zirela besteak, ohartu ginen.

Edo, ezkorrago izanda, Alejandro Amenabarren Los otros filmarekiko aldean: munduan, ez zegoen jadaneko beste-rik: ez zegoen jadaneko bizidunik.

 

About Me

Pablo Sastre Forest

1 Iruzkin
    Eñaut (e)k dio: Erantzun
    2023-03-16, 18:10

    Pablo! Eskertzen diat hire dilubioa, hire erauntsia…Garbi diruditen horiek hankaz gora jartzeko hire nahi hori…
    Segi errekan bizi-bizi!
    Ni, hire korrontean doan tanta bat…
    Aupa hi!!!

Utzi erantzuna Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Periferiaz haraindi2023-03-09
Nostalgia2023-03-22
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA