Nostalgia

Pablo Sastre Forest
0

“Bere idealak lehenaldian atzematen ditu baserritarrak”, idatzi zuen, 1979an, John Bergerrek: “haundientzat etekinak produzitzera obligatua ez den bizitza batekin amets egiten du, injustizia sor zedin baino lehenagoko izan-balizko mundu batekin”.

“Berdintasun ideal burges eta marxista abundantzia mundu bati begira badaude -segitzen du Bergerrek-, baserritarrena eskasiazko mundu batetik abiatzen da, eta haren promesa da, eskasiaren aurrean elkar-laguntza, eta lanaren fruituen banaketa justua. […] Hiritarren esperientziak, lehena ezabatzera eta progresoan sinistera daramazki. Baserritarrak, berriz, bizitza ziklotan ulertzera daramazki beren esperientziak”.

Baserritarren aldaketarako erresistentzia eskuindartzat ikusi izaten dela-ta, John Bergerrek: “Eskuin-ezker sailkapena hiritarren asmazioa da, progresoaren kulturari dagokion gidoi historiko baten arabera, zeinean eskuina eta ezkerra enfrentatzen diren. Baserritarrek ez diote gidoi horri jarraitzen, eta ez dira tontoak hala egitean, zeren gidoi horretan, eskuinak edo ezkerrak irabazi, beren desagertzea iragarrita dagoen”.

Oroimena.

Batzuetan (Frantzikaldean, oso nabarmen) industria haundiaren edo patria haundiaren oroimina izaten bada, beste batzuetan, edo beste batzuenean, bizimodu sinpleago, propioago, solidarioago edo libreago baten oroimina izaten da.

Inportante zaigun zerbait galtzen ari gara, eta min ematen digu galtzeak.

Galerari aurre egiteko, oroiminetik hara, mina ukatu gabe, oroimena zaio ez industriarik ez patriarik ez daukan pobreari geratzen.

Zientzia eta erretolika politikoa aurrera begirakoak dira: lehenagokoa eta oraingoa atzean uzteko eta suntsitzeko bokazioa dute biek ala biek.

Oroimenak, berriz, orainari, badenari, eta etorkizunari, izan litekeenari lotzen du lehena. Oroitzapenez josia da menpekoen eta desposeituen intentzioa.

Herri-politikaren gestua, egun, pentsamenduaren gestua ere, aurrerantza joan-beharrarekiko distantzia hartzekoa da, pauso bat atzera egitekoa: geroko mundua nolakoa izango den leheneko adi-bideetan ikusteko gestua.

Futuro habitagarria gogoan, oroimenezko elementuak, oraintxean erabili: hortitxe, ez apenas beste inonditxe etortzen ahal da, futuroa sortzeko ahala desposeituen eskuetara ekartzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA