Zurrumurru askea
Hasiera » Mirariren bloga - Zurrumurru askea

Irribarrea galdu gabe.

2017-10-02  //  Bizitza, Deshumanizazioa, Elkartasuna  //  Iruzkinik ez

Ez zait topikoen inguruan idaztea gustatzen, hala eta guztiz ere, atzokoak aipamen bikoitza behar duela uste dut; batetik, bai (nola ez) kaleak aldarriz bete behar ditugu eta bestetik, komunikabide guztiak hitz matxinoz bete.

 

Aurreko orduetako irudiak zein testigantzak,

barne guztiak irauli zizkigun askori

eta ez naiz ari errepresioaz soilik.

 

Hauetan nabarmena zen indarkeria

(estatu autokrata batek erabiltzen duen

erremienta errazena alegia),

baina nik horren gainetik,

irribarrea goratu nahi dut,

atzoko kale iraultzaileetan sentitzen zen

irria hain zuzen ere.

 

Egia da,

ez duzue era naturalean bozkatu,

adierazpen askatasuna ukatu nahi zizueten,

zuen herria zapaldu nahi zuten.

Baina badakizue zer?

Ez dute lortu,

zuen oihua orain,

inoiz baino ozenago entzuten da,

zuen irudiak,

mundu osora hedatu egin dira,

eta zuen herria,

inoiz baino indartsuagoa da orain.

 

Erasoen aurrean herri boterea sortuz,

errepresioaz elkartasuna ernalduz.

 

 

Egilea: Irribarrez @MunduaIrribarrez

 

 

 

 

Gutun bat idatzi nahiko nizuke Urtaran

2017-09-14  //  Deshumanizazioa, Errekaleor Bizirik, Poesia  //  Iruzkinik ez

Jakin badakit,

politika neoliberalen txotxongilo

besterik ez zarela,

putre gaizto horien,

erantzule.

Baina zuk aginduak eman ahala

ekintzak gauzatzen dira,

eta zuk bata edo bestea aipatu bezain laster,

zure mirabe famatuek

berbak gorpuztu egiten dituzte.

 

Askotan ikusi zaitugu,

kultura goraipatzen,

aniztasuna hizpide

diskurtsoak eraikitzen.

Duela pare bat egun esate baterako,

Gasteizeko kaleetan barrera

zinema laudatzen.

Hori bai, komertziala,

asko pentsatu behar ez den horretakoa.

 

Azken batean,

buruari zenbait buelta eman ezkero,

hipokresia azaleratzen da,

zure mintzaldi famatuetan.

Hipokresia bai,

Ez al da Errekaleor aniztasunaren isla?

Ez al da Errekaleor artearen erdigune?

Ez al da Errekaleor kulturaren erakusle?

 

Imajinatzen dut,

edo behintzat imajinatu nahiko nukeen,

auzo aske honetan,

zinema ez ezik inprenta ere zegoela,

zenekiela.

Auzo aske honetan,

liburutegia ez ezik okindegia ere zegoela,

zenekiela.

Auzo aske honetan,

mota guztietako tailerrak ez ezik ikastaroak ere,

antolatzen direla,

zenekiela.

 

Zure aburuz, gogora ekarri ditudanak

kulturaren igorle ez badira,

termino honen esanahi desberdinak

ezagutzen ditugu,

edo agian,

ezagutu nahi ditugu.

 

Izan ere, testuinguruaren ebaluazioa egin ezkero,

nahiek zein pertzepzioek,

puntu garrantzitsua eskuratzen dute.

Ez da berdina,

zuk nahiko zenukeen okupa zarpailtsuak izatea,

edota edade anitzeko kide jazarleak.

Ez da berdina,

morala izatea edo diruz patrikak betetzea.

 

Errekaleor bota nahi izatekotan,

aurrean izango gaituzu,

Eta botatzera, iristekotan,

auzo aske gehiago eraikiko ditugu.

Gure idealak ezin baitira

porra baten bitartez moldatu,

gure idealak ezin baitira

hormigoizko kutxa baten bitartez lurperatu.

 

 

 

Kant ez zen filosofoa.

2017-09-06  //  Bizitza, Irratia, Kantoia, Poesia  //  Iruzkinik ez

Erantzuna jaso behar dudanean,

zailagoa egiten zait idaztea,

sentimenduak adieraztea,

nire erraietatik ihes egiten duten mezuak

aireratzea …

 

Baina tira opariak opari

saiatu beharra daukat,

igorleak hitzez inpregnatzen,

nire enkargua zuengana bideratzen.

 

Nola hasi maitasunez olerkirik politena?

Nola hasi lagun arteko  azken diosala?

Ez dakit,

egia esanda ez dut galdera horien ihardespenik,

ez dut Gasteizko txoko txiki horietan gauzatzen diren

minberatasunen probarik.

 

Baina tira saiatu egingo naiz,

opariak opari,

sortarazi dizkidazuen barreak,

bueltatzen,

sortarazi dizkidazuen momentu goxoak,

gogoratzen.

 

Askoren aburuz,

Kant filosofoa baino ez zen,

nire pertzepzioan,

Kant astelehen matxinoen isla zen,

ostiral zoroen adierazle,

eta ustekabean, larunbat goizen aje.

 

Gauza ugari ditut kontatzeko,

letra gutxiegi,

pertsona gehiegi  daude maitatzeko,

irrati libre gutxiegi,

kantoitar asko ditut zoriontzeko,

beta, berriz,  murriztuegi.

 

“Urteko astelehen, ostiral, larunbat eta noizbehinka asteazken partekatu dituzuen orori,

mila esker edo esker mila ;)”

 

Berriro ere, agur.

2017-09-03  //  Bizitza, Poesia, Uda  //  Iruzkinik ez

Eta bat-batean,

nahigabean,

udari azkeneko pasarteak geratzen zaizkiola

ohartu zara.

 

Eta bat-batean,

nahigabean,

hilabete hauetan egindakoa

etorri zaizu burura.

 

Mendira joan zinen egun hura,

txosnetan gertatutako beste hura,

eta nola ez,

udako gau luze horietan edan ez duzun ura …

 

Badakizu,

betiko kontuak.

urtero lez,

berregiten diren horiek.

 

Eta bat-batean,

nahigabean,

Ken Zazpiri keinu eginez,

“hotzikarak gerturatu nau zugana”.

Noiz? Eta irailean

Non? Eta nire barnean.

 

Badirudi,

nire eskuizkributan izendatutako trantsizio uda,

bukatzen ari dela.

Badirudi,

beste behin ere, Euskal Herriari,

agur esan behar diotela.

 

(Haiek nire sakoneko sentimenduek,

Haiek nire gela iluneko lekutxoek.)

 

Zer gara gu?

2017-08-18  //  Euskal Presoak, Feminista, Poesia  //  Iruzkinik ez

Gaur zure gutuna iritsi zait,

kartzelatik … urrunetik,

sentimenduetatik isolatu nahi duten

gune hartatik.

 

Tentelkeria iruditu daitekeen arren,

paper zati bat eta boligrafoa markak,

irribarrea bueltatu egin didate.

 

Nork daki?

Agian ezezagunen arteko gutunak

dira benetan kuttunenak,

agian elkartasunez beteriko hutsuneak,

dira benetan bizituenak.

 

Zer gara gu

atxikimendua islatzen duten

aztarna horiek gabe?

Zer gara gu

egunerokotasunean lubakietan aritzeko

indarra duten horiek gabe?

 

Hortaz,

Zer gara gu haiek gabe?

Anjel Duhalde jakitunak aipatzen zuen modu berdinean,

” ez dugu izaterik aske haiek gabe”.

 

(Des)Humanizazioa

2017-07-23  //  Bizitza, Deshumanizazioa, Poesia  //  Iruzkinik ez

Egunero hor zaude,

leihoaren beste aldean,

eta egunero zugana hurbiltzeko

tentazioa dut nire barnean.

 

Irakurtzen,

eguzkia hartzen,

margotzen

edota argazkiak ateratzen ikusten zaitut,

egunero.

 

Zure izena galdetzeko

irriketan nago,

zure bidea ezagutzeko

ernai.

 

Baina nahigabean,

gizarte isolatu honetan bizi garela

ohartzen naiz,

eta bat-batean,

nire bulkada guztiak,

errealitatera bueltatzeko agintzen didate.

Honela sakoneko sentimenduak gordez,

honela beste behin ere humanitatea isolatuz.

 

Badakit garaiak aldatu direla,

gaur egun nahiago dugula,

kodifikatutako hitzen bitartez komunikatzea,

materializatatuko elkarrizketen bidez ezagutzea.

 

Baina tira, deituidazue atzerakoia,

edo apika, nostalgikoa,

nik nahiago ditut elkarrekintzak,

gure artean sortzen diren aditzak, alegia.

Errepidearen zimurdurak

2017-07-14  //  Bizitza, Poesia  //  Iruzkinik ez

“Txikitatik prestatzen,

Txikitatik gure haurtzaroa manipulatzen.”

 

Hasi zein hezi,

Hesi zein hazi.

 

Maratoiak hasten ditugun era berean,

haurtzaroan ere nahigabean,

hazi egiten gara,

modu pertsonalean,

eta batez ere,  eredu gizartekoian.

 

Baina haurtzaroan ere,

hesiak garatzen ditugu,

horretarako heziak baikara askotan,

horretarako engainatuak alegia.

 

Sarritan imajinatu dut bizitza,

lasterketa bat izango balitz bezala,

lehenagoko prestakuntza (haurtzaroa),

hasierako aurreneko pausuak (eskola),

erdiguneko gorabeherak (amodioak, liskarrak, lanak …

badakizue heldutasunaren garaietan jasotako sentsazioak),

eta bukaerako, sprint nostalgikoa (zahartzaroa).

 

Baina askotan ere, tentelkeria iruditzen zait

era linean irudikatzea gure bidea,

hura ez baita zuzena,

hura baita korapilatzen den lehena.

 

 

Erasotzaileari gutuna.

2017-07-09  //  Feminista, Poesia  //  Iruzkinik ez

Askotan entzun izan dut zure izena,

Askotan agertu baitzara nire elkarrizketetan lehena.

 

 

Baina ezagutu nahi ez ditudan arrazoi desberdinengatik,

atzo zurekin egin nuen topo lehen aldiz.

Hasieran ez nuen sinesten,

edo agian(nor daki),

ez nuen hura gertatzen ari zenaren federik.

 

Hala ere, egia zen,

Non eta hemen?

Non eta gure etxean?

 

Bai, erasotzaile bat,

Bai eta oraingoan aurrez aurre izango zintudan.

 

Gogoan dut,

zure begi niniek nireekin elkarrekintza izan zutenean,

nire gorrotoa,

gure boterea bilakatu zenean,

emakume baten oihua,

denona bihurtu genuenean.

 

 

 

 

 

Ongi etorri birtuala

2017-07-05  //  Poesia  //  Iruzkinik ez

 

 

 

 

Bitxia da,

gutun erromantikoena idazten negoelarik,

bat- batean, zuen mezua iritsi zait.

 

Badirudi,

une honetatik aurrera,

hartzaile “anitz” izango ditudala nirean,

nire barrenean, alegia.

 

Ongi etorri,

sentimenduen espazio goxoenetara,

ongi etorri,

nire barneko oihuen esanahi guztietara.

 

 

3 / 3«Aurrekoa123

Mirari Ulibarri

Blog honen bitartez azaldu nahiko nituzke eguneroko gatazkak, baina ez kazetaritza arruntak azaltzen dituen modu berdinean, baizik eta, poesiaren indarrez isla daitezkeen bulkaden zentzuan. Beste hitzekin, politikaz, soziologiaz, amodioaz, kirolaz edota edozein gauzaz aritu naiteke eleak erabiliz, modu honetan, egunerokotasuna hitzen kartografien bitartez distiratuz.

Azken bidalketak

  • Min/bizia
  • Konfinamendua
  • (Des)ikasten
  • Minbera.
  • Txori libreen kanta

Iruzkin berriak

    Artxiboak

    • 2020(e)ko urria
    • 2020(e)ko ekaina
    • 2020(e)ko martxoa
    • 2020(e)ko otsaila
    • 2020(e)ko urtarrila
    • 2019(e)ko abendua
    • 2019(e)ko urria
    • 2018(e)ko abendua
    • 2018(e)ko urria
    • 2018(e)ko uztaila
    • 2018(e)ko apirila
    • 2018(e)ko martxoa
    • 2018(e)ko otsaila
    • 2018(e)ko urtarrila
    • 2017(e)ko azaroa
    • 2017(e)ko urria
    • 2017(e)ko iraila
    • 2017(e)ko abuztua
    • 2017(e)ko uztaila

    Kategoriak

    • Bibolina
    • Bizitza
    • Deshumanizazioa
    • Elkartasuna
    • Errekaleor Bizirik
    • Euskal Presoak
    • Feminista
    • Irratia
    • Kantoia
    • Konfinamendua
    • lagunak
    • Maitasuna
    • Musika
    • Oroimena
    • Poesia
    • Uda

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren jarioa
    • Iruzkinen jarioa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA