Ez gara hainbeste aldatu

Gorka Peñagarikano
0
Argazkia: Durangoko Azoka.

Bisitari: Adimen artifizala eta hezkuntza | Noiz eman mugikorra nerabeei? | Bernardo Atxaga

Kola egitea ez dugu gustuko izango, baina beti amaitzen dugu egiten. Azokaren inauguraziorako ilarak ordu erdi lehenago hasi dira gutxienez, eta 10:30ak jo dituenerako, horiek arintzen hasi bezala, ilara luzeak formatu dira Plateurena atarian, NØGEN ikusteko. Ezer berririk ez hona arte. Hotz egiten zuela eta ateri zegoela. Barruan, berriz, zinten erabilera monopolizatu dute Bulegok, ETS eta Zetakek. Beste munduko ezer ez hemen ere. Gatibukoak berantiarragoak dira eta iluntzean egin dute presentzia handiagoa. Aurten diskorik atera ez dutenez, presa berezirik ez euskal telebistaren-eta kameren aurrean jartzeko.

Zintak ezarri diren lekuan haurrak eta nerabeak egon dira oro har esanda, eta haien gurasoak kasu askotan. Toti Martinez de Lezeak sinatzen duen demasarekin eta juntatzen duen jende guztiarekin, agian oker nabil, baina sekula ez dut zintarik ikusi. Helduok ez ditugu zintak behar, ala? Barneak diost agian egia dela, ezetz, ez ditugula behar, giza-ilarak egiten badakigula, errotondak egiten dakigun bezalaxe. Pinuak bezala landatzen ditugu erdi-erdian, hor, zentroan, eta gainontzekoek, jakina, asmatu egin behar nondik jo. Ez dago seinalerik, ez dago irudi alderantzizkaturik. Asiako herrialde bateko autoen gurutze-bide handi eta kaotiko horietakoak eskala txikian dira Landakoko korridoreak. Eta hori asteazkena zela, azokaren lehen eguna, agian gutxien beteko dena.

Landakoko korridoreetan ibiltzeko bezala, ez da gidabaimenik behar mugikorra erabiltzeko. Izarkom telekomunikazio kooperatibako kide Yaiza Arrizabalagak gaia mahaigainean jarri du Kabi@ gunean, bi egunez sormen teknologikoaren txokoa izango den horretan –bide batez, Kabi@ txokoari buruz informazio gehiago nahi duenak Diana Francoren artikulu hau irakur dezake, niri ongi etorri zait–. ARGIAko harpidedun eta irakurleek ongi dakizuenez, Izarkomek gida bat atera du nerabeei lehen mugikorra noiz eta nola eman aholkatzeko. Hor esan dituzte paragrafo honen hasierara eraman ditudan hitzak. Gurasoen artean gero eta kezka handiagoa sortzen ari da mugikorraren afera –helduon artean ez, eta ez dirudi axola duenik, horregatik gara-eta heldu–, eta hori horrela dela bistakoa da gerturatu den jendearengatik. Hortik jaso den iruzkin bat: “Apurtu beharra dago DBH1era iritsi eta automatikoki mugikorra ematearen inertziarekin”. Dena esanda dago, zeinen hastapenetan gauden eztabaidagaian, eta zeinen kritikoa den egoera.

Dena eman nahi diegu haur, nerabe eta gazteei, eta hezkuntza eraldatzailean ere ematen ari gara, euskaradun adiskideok, urrats batzuk. Dena den, sentsazioa daukat, haur eta nerabeak eskola jakin batzuetan dituzten gurasoak soilik zirela jakitun zer egiten ari diren Euskarazko Wikipedia eta Badalab elkarlanean. Beraz, guraso bazara eta zure eskolara iritsi ez bada, artikuluaren ondoren jo ikusgela.eus atarira eta kuxkuxeatu pixka bat. Hainbat bideo labur egin dituzte, nerabeentzat, erraz ikustekoak, Leire Palaciosen komunikatzeko abileziarekin, zenbait gai digitalei buruzko xehetasunak emateko. Besteak beste, humanitate digitala, ekologia digitala eta harreman afektibo digitala landu dituzte, azken horretan ligatzeko aplikazioetan enfasia jarrita. Euskarazko lurzoru apal bat jartzeko asmotan, oinarrizko informazioa eskainita, gogoetatzeko galderak ere planteatzen dituzte bideoetan. Adimen artifiziala, metabertsoa… Dagoeneko ez dira fantasia.

Nerabeez, gazteez eta hain erraz esaten den etorkizun horri buruz orduak hizketan eman dira Landakon, eta zer eta Ikasle Goizaren bezperan. Apur bat anekdotikoa. Nerabeez hizketan, nerabeak heldu bezperan. Mugikorrak utzi eta liburuz gainezka dauden standei begiratzeko esango diegu ostegun goizean, eta aldi berean QR kodeak ipini dizkiegu horman. Eta disko-aurkezpen bateko edukiera betetzen bada, webgunean zuzenean ikusteko aukera eskaintzen diegu. Ongi ikusten dut hau guztia –arazoa ez da erabiltzea; erabilera da– baina neure burua ikusten dut Landako bazterrean mugikorrekin dauden lau gazteak nire barrurako kritikatzen.

“Ez gara hainbeste aldatu” esan dut titularrean, baina egia esan, adimen artifizialaz, hezkuntza digitalaz eta beste hamaika kontuz ez zen hainbeste hitz egingo duela ez hainbeste urte. Beraz, aldatzen ari gara. Aldatzen ez dena Bernardo Atxagaren hizketarako talentua da. Eta aldatu dena, berriz, alboan zuen laguna; Lander Majuelo estreinatu da Pamielako editore gisa. Nobelagintzari agur esan zion 2020an, eta horrela izan da, baina oraingo honetan zer-nola kalifikatzea zail samarra da. Izan ere, 25 poema dira liburuan barnebildu dituenak, narrazio laburrekin eta memoria moduko testuekin nahasita –kartzelara egindako bisitak, poesia errezitaldiak egitera–.

Dena dela, liburuaz baino, liburuaren hariaz mintzatu da Atxaga gainezka zegoen Durangoko Musika Eskolan, eta nabari da erosoen modu horretan dagoela, denbora kontzeptu gisa hartu eta horri buruz hitz egiten, bizitzaren erritmo itogarriez edota metaforez. “Beti liburu bera idazten omen dugu idazleok”, esan du momentu batean, eta segituan gehitu dio hauxe: “Beti liburu bera idatziko dugu, seguruenik, gure barrua horrenbeste aldatzen ez delako”. Horixe bera, Etiopia-z hitz egin duen bezala, segituko dugula geuk ere beste berrogei urtean errotondak egiten, baita kritikatzen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA