Bisitari: Estitxu Fernandez | Haur eta gazte literatura eta genero desberdintasuna
Eta hasi gara. Ez garela aldatu esan genuen atzokoan, baina bai, zerbait aldatu gara. Indarkeria obstetrikoaz ez genuen horrenbeste hausnartuko duela ez hainbeste urte. Pentsa, orain gaiari buruz liburua atera duen Estitxu Fernandez psikologoak dolu perinatala aztertu zuen duela hamar urte, beste liburu batean, eta hor ez zuen behin ere aipatu indarkeria obstetrikoa. “Eskerrak gaia mahai gainean jarri den”, esan diote bi neska gazte eroslek standean. Zerbaitegatik izango da. Oraindik gaira hurbilpen handirik egin ez duenak, har beza premisa hau oinarri: sortze edo erditze guztiek izan behar dute errespetuz artatuak. Erditze guztiak ez dira bederatzi hilabete luzeetan –eta gehiagotan– amestu bezalakoak izaten.
Gaia konplexua eta oraindik ere askorentzat arrotza izan arren, estimu handiz hartu dute Musika Eskolako bisitariek liburura –eta indarkeria obstetrikoaren gaira– eginiko hurbilpena. Zeinen goxo eta zeinen zuzen eman dituzten azalpenak egileak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak. Sortze berri bat izena du liburuak, eta hasierako orrietan errepaso teoriko-historikoa egiten dio gaiari, gero, hamabi lekukotza jasota, esperientzietara xehe-xehe eta ahots komunikatzaile gordinean irakurlegoarengana heltzeko. Arrulak aitortu du guztiak segidan irakurtzea zinez gogorra egin zitzaiola. Ez da harritzekoa. Ikusezina izan den eta oraindik ere izaten segitzen duen emakumeen aurkako indarkerietako bat da, bi hizlarien esanetan, eragin zinez handia duena emakumeen bizitzetan.
“Erditzea eta erditze ostea momentu indartsua bezain zaurgarria da”. Hitz horiekin geratu naiz ni. Pentsatzen dut ama izan diren guztiek hala sentituko dituztela hitz horiek, zer esanik ez bidean umea galdu dutenek, baina zeinen garrantzitsua den hitz horiek horrela plazara –eta liburura– ateratzea.
Orain arte askorik tratatu ez den beste gai bat, eta askorik hitz egin eta hausnartu ez dena: haur eta gazteei zuzendutako literaturan dagoen patriarkatua, ikusmolde binarioa. Mutilak ausartak dira eta neskek ama izatea besterik ez dute buruan; oinarri hori. Ipuinak, bereziki haurrenak, tresna eraginkorrak direla ez dago zalantzarik, baina inoiz gutxitan begiratzen zaio merkatu horri. Gertuko ez zaizkien edo oraindik ezagutzen dituzten errealitateak hurbilarazten zaizkie ipuinen bitartez. Beraz, agertzen den rola agertuta ere, oso konkretua bada, hezte prozesuan markatzen du. Parean elkartekoek argi diote bazkalondoko modorra momentuan proiektatu duten erreportajearekin: “Betaurreko moreak haurren ipuinetan ere jarri behar ditugu”. Zine-salako modorra ororen izatea deuseztatu dute begiak itxi-ireki orduko, zinez interesgarria baita bertan kontatzen dena. Herriz herriko bira bat egin ondoren, sareratuko dute lana.
Datu batzuk. Parean elkarteko kideek Irungo ikastetxe bateko liburutegiko edukiak aztertu dituzte, baita Oiartzungo liburutegia ere, eta eskala txikiko ikerketa bada ere, argigarriak bezain kezkagarriak dira emaitzak: hasteko, egileen %60a gizonezkoa da. Hortik ulertzen da, akaso, protagonisten %22a soilik izatea emakumezkoa –animaliak %24 dira, bai, animaliak–. Eta hirugarren eta azken datu bat. Rol sexistatzat jo dituzten ezaugarridun liburuak, izan portada kolore markatuak –arrosa eta urdina– dituztelako, protagonisten jarrerak era batekoak edo bestekoak direlako, mutil pertsonaiak eremu publikoan eta neskak pribatuan daudelako… Hamarretik zortzi ipuinek erreproduzitzen dute horrelako rol sexistarik. Begiratu hainbestetan ikusi izan dugun –eta ikusten jarraitzen dugun– Doraemon marrazki bizidunei. Nor arduratzen da etxeko zaintzaz? Zenbat ordu, ordu eta ordu eman dira telebista publikoan? Ez al dira belaunaldi batzuk horrekin hezi izan?
Koadernoan ongi markatu dut bideotik ateratako iruzkin hau: “Etorkizuneko neskak astronomoak izatea nahi dugu, baina ez diegu posibilitate hori dagoenik erakusten, ipuinetan ez dago halakorik”.
Patriarkatuaz ez ezik, aniztasun sexualaz, jatorri aniztasunaz, aniztasun funtzionalaz… Zer esanik ez. Normatibotasunetik ateratzeko arazoak ditugula bistakoa da. Axpi ilustratzaileak esan du 1980ko hamarkada “paramo basamortu itogarri bat” zela marrazki bizidunei dagokienean, eta Pottokinak jarri ditu adibide. “Ari gara altxatzen”, esan dute egileek. Bada, bai, gai horiei buruz hitz egitea bada altxatzeko modu bat.
Azokak bigarren eguna izan du gaurkoa, apur bat teorikoagoa, Ikasle Goizaren demasetik irtenda. Biharkoa parranderoagoa izango omen da, hala entzun da postu artean. Agian izango da Ahotseneako zuzeneko kontzertuetan gaur baino zerbeza eta salto gehiago ikustea esperoko delako. Leihoak estalirik dituzten kotxe eta furgonetak hasi dira heltzen Durangora eta Iurretara.
1 Iruzkin
Matrilinearità, italianoz, nola esaten da zehazki euskaraz?
Ciaooo!