Dantza egiteko unea

Gorka Peñagarikano
0
Dance First

Idazle, filosofo, kritiko eta oro har fuerte pentsalarien istorioak gustatzen zaizkigunoi interesa dakiguken filma da Dance First (Lehenik dantzatu), Samuel Beckett idazleari buruzkoa. Ez pentsa inolako tostoia den filma denik. Ikuserraza da, flashback bereziki interesgarriak dituena, eta entretenigarria, haria jarraitzeko ere erraza. Zinemaldiaren itxiera galarako hautaketa bikaina.

Irlandan jaioa, Parisen egin zuen bizitzako etaparik esanguratsuena Beckett-ek, ikasketa prozesua James Joyce-rekin, haren dizipulu eginda, eta gerora markatuko zuen bizitza amorosoak ere han du oinarria. Bigarren Mundu Gerra ere bizitu zuen: nazien aurkako pentsalari eta komunikatzaileetako bat izan zen, eta Gestaporen eskuetatik ihesean aritu. Pentsaeraz pesimista, nihilismora heltzeraino, obra handiak egin zituen dramaturgian eta tragikomedian, besteak beste En attendant Godot (Godot-en esperoan).

Literaturako Nobel Saria jaso zuen 1969an, 63 urte zituela. Ekitaldi horrexekin ematen dio hasiera pelikulari James Marsh zuzendariak. Bai fuerte hasi ere. Beckett-en izena esaten dutenean mikrofonotik, burua makurtu, albokoari begiratu eta “hau hondamendia” esaten du egoerak gain hartuko balio bezala. Saria jaso eta ukatu egiten du mikrofonoa hartu eta hitza hartzea, eta bere buruarekin hitz egitera joaten da inork ikusten ez duen lekura. Bere beste ni-arekin mintzatuko da. Ez du diru saria berarentzat hartu nahiko, eta dohaintzan ematea planteatuko du. Nori, ordea? Flashback mordoa egingo dira, eta zatitan banatuko da pelikula, bere bizitzan garrantzia izan duen orori buruzkoa dena bakoitza. Joyce mentorea, haren alaba bihurria, estimu handia zion ikaskide eta Frantziako Erresistentziako militantea izandakoa, emaztea…

Kronologikoki garatuko da kontakizuna, eta guztia zuri-beltzean eskaini, flashback horietako batean pelikularen hasierako eszenara iritsiko garen arte. Detaile ederrak dituen pelikula da.

La Mesías telesaila

Flos Mariae fenomenoa Espainian zer izan zen oroitzen dutenek errazago ulertuko dute La Mesías telesaila –Movistarrek estreinatuko du urriaren 11n; Los Javis-ek ekoiztu dute, Javier Ambrossi eta Javier Calvok, La Llamada, Paquita Salas eta Veneno-ren sortzaileek–. Sinopsian pop musika talde kristau bati buruz hitz egiten da, izenik aipatu gabe, eta sinopsiak dioena da musika talde horrek familia bateko semean (Enric) izandako eragina kontatuko dela telesailean. Fanatismo erlijiosoa etxetik datorkio mutiko horri, ama (Montserrat) delirio mesianikoez jota baitago.

Protagonista den familiaren bizitza, kaosa da lehen kapituluetan –Zinemaldiko pasean hiru kapitulu ikusi ditugu, eta zortzi ditu–. Montserratek, hasieran, Enric eta Irene seme-alabak besoetan hartu eta ospa egiten du senarraren etxetik, “erasotzailea” dela oihukatuta. Ikuspegia Enric mutikoarena da, beraz, geroago jazoko diren gertakizunak ere haren begietatik ikusiko dira. Bazterrak nahasten iaioa da ama, matraka ematen du, ez da geldirik geratzekoa, eta txitean-pitean parrandan irten eta gizonak ekartzen ditu etxera ordu txikietan, burrunba ederrean. Haurrak ez ditu eskolaratzen, eta bizitzako ikasgai batzuk euren kabuz ikasten dituzte, erremediorik ez dagoelako. Hori guztia fanatismo erlijioso eta delirio mesianikoez nahastuta, koktel kuriosoa geratzen zaie haur gaixoei, baita kaltea eragin ere, bereziki Enric-i.

Apur bat beldurgarria den istorioak aurrera egingo du lehen bi kapituluetan, eta hirugarrengoan indarra irabaziko du argumentuak. Albert Pla aktore puskak paper bikaina egiten du telesailean. Oso indartsua da, ez dut gehiago aurreratuko.

Denboran aurrera eta atzera egiten duen telesaila da La Mesías. Publikoari eskatzen zaio adi-adi jarraitzea, eta hasieran sortzen diren mila galderei apurka-apurka emango zaie erantzuna. Ikusteko gogoz geratu naiz, estilo aldaketatxoa egin baitute Los Javis-ek, eta egia esan, jakin izanak Flos Mariae-ko artistak –artistak, bereziki gaztelerazko personaje esanahiari tiraka– indartu egin du nire gogoa telesailarekin jarraitzeko. Ez omen dute baztertzen “eginbide judizialei” heltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA