Pervomaisk, gudaren ikur
Aleksei Grigorievitx Stajanov sobietar garaiko meatzari handi eta ospetsua izan zen. Ikatza erauzten txapeldun izugarria, bere arrakasta eta errekorren artean gogoratuena, 1935ean sei ordu eskasean 205 tona ikatz atera izatea da. Munduko lehenengo estatu sozialistako ikur eta eredu bilakatu zen Stajanov, eta horregatik, Sobietar Batasuneko heroi izendatu zuten. 1977an hil zen Aleksei, eta bere bizilekua izandako Kadievka hiriari Stajanov izena jarri zioten.
Stajanov, Brianka eta Pervomaisk-ek osatzen dute Luhanskeko bihotz industriala. Pervomaisk-era bidean, Stajanov-eko sarreran, kosakoen sinbologiak, blindatu eta antiaereo banak ongi etorria egin digute. Kosakoen eremuan gaude.
Hiria egun, Luhanskeko Herri Errepublika barruan dago; eta Pavel Dremov kosakoaren erregimientoa da bertan jaun eta jabe. Errusiar historia eta langile-klase kutsua uztartzen dituen «errepublika autonomoan» gaude, nahiz eta Luhansk-eko errepublikaren parte izanda, hemen kosakoen legeek agintzen duten.
Pervomaisk eta Stajanov, guda honetako ikur bilakatu dira. Gerra hasi zela ia urtebete pasatu dela, bi hiriek jasandako bonbardaketa latzek Luhanskeko erresistentzia eta harrotasun sinbolo bihurtu egin ditu hiriok.
Orain dela bi egun baino ez, ukrainar armadak Pervomaisk-eko meatze garrantzitsuena bonbardatu duela azaldu digu Olgak, hiriko alkateak. Bere senarra eraila izan ostean, emakume honek herriko agintea hartu eta egoera aurrera eramateko erronka bere gain hartu du.
Hiri sarraskitua da Pervomaisk. Meatzeak eta industrialdea suntsitua izateaz aparte, ukrainar armadak gerra krimenak burutu ditu biztanleria zibilaren aurka. 45.000 biztanletik hiria 8.000 biztanle baino ez edukitzera pasatu zen, bonbardaketen ondorioz. Egun, biztanle asko etxera bueltatu diren arren, hondamendia nabaria da; hiriko %85ak bere etxea galdu du, eta jendearen gosea asetzeko ekimen sozial ugari martxan jarri dira Errusia edo gurutze gorriaren babesarekin.
«Gerrarik ez dugu nahi» esaten digu kalean aurkitzen dugun 14 urteko neskato batek. «Arazo politikoak negoziazio eta akordio bidez konpondu behar dira» dio amorruz. Pervomaisk-eko bere lagun gehienek hanka egin behar izan dute, ukrainar bonbetatik ihesean.
Gudak aurrera egiten duen bitartean, bertakoen bizitzak aurrera darrai. eta Lenin-en estatua aurrean, ukrainar armadak erabilitako arma ilegalekin egiten ari diren multzoa ere gero eta erraldoiagoa da.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks