Aitor Subiza
Nafarra jaiotzez, Madrilgo biztanlea naiz aspaldidanik. Kultura interesatzen zait, eszenatokiak maite ditut. Baina kale-kantoietan hona ekartzea merezi duten istorioak topatzen ditut egunero eta horixe egiteko asmoa dut. Egunerokotasunak, bere txikian, milaka poema, nobela, komedia eta drama gordetzen dituelako bere baitan.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- ASIER GURIDI ZALOÑA(e)k Ez diren biziak bidalketan
- Arantxa Zabala(e)k Ez diren biziak bidalketan
- Pello(e)k Dena, eta izan behar zuena bidalketan
Gainezka
Atalak: Sailkatugabeak
Madrilek gainezka egin du. Kiratsa dario. Zabor artean ibili behar dugu. Irudi ustela du, zikin dago.
Arratoiak aire zabalera atera dira, han-hemenka. Ez dute luzaroago estolda azpian ezkutuan egoteko beharrik. Gure bizkar bizi dira, azken batean, uzten dieguna dute bazka eta asko utzi diegu azkenaldian. Arratoiak dira mundu osoan gehien zabaldu diren espezieetako bat, hirietan bizi dira gehien eta gizakiarekin batera mugitu dira bazter guztietara. Orojaleak dira, eta hondakinak izaten dituzte elikagai. Usteltzen ari den haragiari ere ez diote muzin egiten eta lo dauden animaliak hiltzen dituzte batzuetan, askoz handiagoak izanagatik. Kanibalismoa oso zabalduta dago espeziean, eta gurasoak kumeak hiltzera hel daitezke. Gora egiten oso trebeak dira, eta ilunpean ezin hobeto orientatzeko trebetasuna dute. Zuhurkeria dute adierazgarriena kognizioari dagokionez. Espezieen artean gaixotasunak kutsa ditzakete (zoonosia esaten zaio horri).
Labezomorroak ere parrastan dabiltza, txoko umel eta beroen bila. Diotenez, sobera ugaldu dira eta azalera atera. Hirira egokitu dira eta espazio ezberdinetan bizitzera ohitu: etxebizitza, saltoki, industria, estolda… Oro har, bazka (hondakinak), ura (gutxi) eta babesa (zirrikitu txikiak aski izaten dituzte) behar dute bakarrik. 4.500 espezie baino gehiago dira labezomorro deitzen ditugunak. Hauek ere orojaleak dira. Egia da animaliarik erresistenteenen artean daudela, hilabete eman dezakete batzuek jan gabe , eta gizakiok halako 15 bider erradiazio jasan dezakete. Adituek diotenez, labezomorroek hondar kimikoak uzten dituzte gorozkietan. Beste labezomorroek arrasto horiek jarraitzen dituzte ura, janaria eta gainerako espeziekideak non diren jakiteko. Ikerketen arabera, taldean oinarritutako erabaki-hartzeak azalduko lituzke hainbat jokabide konplexu, baliabideen esleipena esaterako. Beste azterketa batek dio labezomorroek bi informazio darabiltzatela non ezkutatu erabakitzeko: zein ilun dagoen eta bere kideetako zenbat dauden hor.
Halaxe omen dabiltza arratoi eta labezomorro, gora eta behera. Zer egin dugu honaino iristeko, nolatan utzi diegu Madrilgo jaun eta jabe egiten?
Eta hori guztia gutxi balitz, kale-garbitzaileen greba dago Madrilen.