‘Trantsizioak’ argazki erakusketa zabalduko dugu larunbatean Oñatiko Gaztelekuan

argia
0

txartela3

ARGIAko argazki artxibo historikoan gordetzen diren milaka argazkien aukeraketa egin dugu, azken 40 urtetan izandako eraldaketa sozial eta politikoak islatu asmoz.

Trantsizioak erakusketa Oñatin zabalduko da estreinakoz Argia Egunaren bezperan, irailaren 19an (larunbata) eguerdiko 12:30ean Gaztelekuan. Inaugurazioaren unean proiektuaren aurkezpentxo bat egingo da eta lunch txiki bat eskainiko zaie bertaratutakoei (zeliakoentzat egokitutako jan-edana ere egongo da).

Apaletatik erreskataturiko argazkiak

1970eko hamarkada amaierako giro sozio-politiko mugituan ARGIA astekarian ere aldaketa ugari eman ziren. Besteak beste, euskal prentsaren dekanoak magazin modernoen itxura hartu zuen eta argazkiei toki gehiago egin zitzaien.

Hala, ARGIAren argazki artxibo historikoak 1976tik aurrera eta 80ko hamarkadan zehar eztanda egin zuten hainbat gaien inguruko altxor grafikoak gordetzen ditu, esaterako euskalgintzari dagozkionak. Horietako zenbait argitaragabeak dira gainera.

Euskararen aldeko kanpainak, ikastolen mugimendukoak, nuklearren kontrako borroka, Franco hil osteko errepresioa, intsumituen ekintzak… Apaletatik erreskatatu ditugun argazkiok, garai haietan protagonista izan zirenen esanekin eta astekarian argitaraturiko edukiekin osatu ditugu, testuinguruan kokatu aldera.

“Trantsizio” hitzaren adiera zabal eta anitzari heldu diogu, etengabeko krisi, eraldaketa eta trantsizioetan bizi baikara munduan eta Euskal Herrian, izan energiaren arloan edo eskubide zibilen defentsan. Erakusketa honetako irudietan, 1970eko hamarkadatik gaurdaino aldaketa horiek utzitako arrastoak daude ikusgai. Euskal Herriko historia hurbilari errepasoa egin diogu modu selektiboan, aurrez aurre ikus dezagun gure burua ispiluaren aurrean.

Lehendabiziko korrika  1980ko azaroaren 11n abiatu zen Oñatitik, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorreraren egoitza izan zen Unibertsitate zaharretik Zuk ere esan bai euskarari lelopean. (Argazkia: ARGIA artxiboa).
Lehendabiziko korrika 1980ko azaroaren 29n abiatu zen Oñatitik, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorreraren egoitza izan zen Unibertsitate zaharretik Zuk ere esan bai euskarari lelopean. (Argazkia: ARGIA artxiboa).

ARGIAren ale zaharrak ukigarri               

Erakusketa osatzeko ale zaharrak ere jarriko dira hainbat mahaitan, ukitu eta kontsultatzeko moduan –astekariak 1980an aldatu zuen izenez eta Zeruko Argia izatetik gaur egun ezagutzen dugun ARGIA izatera igaro zen–. 1960ko hamarkadako tabloide formatuko astekariak izango dira bertan edota oihartzun handia izan zuten zenbaki historikoak.

Erakusketa ibiltaria izateko bokazioz jaio da eta asmoa da Oñatin hainbat astez egon ostean beste herri batzuetara ere eramatea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA