Lehen marfila, esklaboak, kautxua, kobrea edo uranioa. Gaur koltana da, mugikorrak, bideo-kontsolak, ipad-ak eta goi mailako gailu teknologikoak eraikitzeko oso urria den minerala. Mendebaldeko gizartearen “beharrak” asetzeko, kongotarrek ondo dakite zer den beren baliabideen erauzketa masiboa. Baina batez ere horren ondorio lazgarriak ezagutzen dituzte. Kongoko lurraren azpian dagoen aberastasun minerala kontrolpean izateko gerrak ez du etenik. 1997tik hona 5,5 milioi lagunen heriotza, emakumeen bortxaketa masiboak eta umeen prostituzioa eragin ditu. Mendebaldeko gure kontsumo ohiturak eragin zuzena du beste askoren bizitzetan. Nola ulertu bestela, lurpeko ondasun aberatsenetako bat duen herrialdea munduko pobreenetarikoa izatea? Teknologia multinazionalen jardunak, mugarik eta etikarik ezagutzen ez duenak, zeresan handia du horretan.
Argazkia: Xavier Aldekoa
Testua: Axier Lopez