Lander Arbelaitz lankideak eta biok, maiatzaren 15eko goizaldean, Ondarroan 5 egunez iraun duen AskeGunearen hustean grabatu ditugun bideo esanguratsuenak bildu eta kronologikoki ordenatu ditut.
Goizaldeko 7etan Iurretatik etorritako 30 furgonetek inguratu zuten Ondarroako Zumardia. Irudiak: Axier Lopez
AskeGunean gaua emandako jende guztia gaueko 5etan esnatu eta etorriko zenaren zain izan zenez, gorputzean gordetako tentsioa kantu bidez askatzen hasi zen. Irudiak: Lander Arbelaitz
Zubian bilduta zen jendea kanporatzen hasi aurretik, zubiko sarreraren inguruan bildutako dozenaka lagun botatzen hasi ziren. Horietako asko jende heldua zen baina adina ez zen aitzakia izan gainerakoei emandakoa baino tratu hobeagorik jasotzeko. Irudiak: Axier Lopez
Erresistentzia azken unera arte eramandako jendearekin bereziki jarrera bortitza azaldu zuen Ertzaintzak. Beñat Lizeaga, Zumaiako preso politiko ohi eta gazte auzipetuarekin gertatutakoa da horren adibide. Irudiak: Axier Lopez eta Turrune.blogspot.com
Behin zubi inguruko jendea kanporatuta, eskaileretan bildutako lagunak botatzeari ekin zioten ertzainek. Gehienak eskaileretatik behera arrastaka atera zituzten. Irudiak: Lander Arbelaitz
Ordurako bi orduz zubi gainean eserita zegoen jendearen txanda heldu zen. Urtzarengana gerturatu ahala giroa geroz eta beroagoa zen. Irudiak: Lander Arbelaitz
Herri harresiko kideak kanporatu ahala zubiaren ezker eta eskuinaldean jendea pilatzen hasi zen. Zubiaren ezkerraldean grabatu daude irudi hauek. “Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas” oihuari ertzain batek emandako erantzun iraingarria erakusten du bideo honek. Ertzainburuak kargu hartu bazion ere, ertzain horrek, temati, fusil berriarekin jendearen burura destatzen jarraitu zuen. Irudiak: Askegunea
Operazioan Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu eta hiru lagun atxilotuta eraman zituen. Horietako bat, Beñat Apalategi gazte donostiarra. Segiko kide izateagatik Donostiako 15 auzipetuetako bat. Absolbitua izan bazen ere, lehenengo Askegune horretan oso parte-hartze aktiboa izan zuen. Donostian bezala, Ondarroan ere ez zuen tratu gozoa jaso. Gauean askatu zuten beste bi atxilotuekin batera, “autoritatearen aurrean erresistentzia” adieraztegatik epaiketa izango du. Irudiak: Lander Arbelaitz
Eguneko unerik gogorrenetakoa. Erlantz, Urtza Alkortaren nebari Ertzaintzak emandako jipoiak tentsio handia sortu zuen zubian. Irudiak: Axier Lopez
Atxilotu aurretik Urtzak zubian emandako azken 6 minutu beroak jasotzen ditu bideo honek. Ertzaintzak eskura zuen guztia erabili zuen horretarako: kolpeak, ukabilkadak, porrak eta mehatxuak. Irudiak: Axier Lopez
Urtza atxilotu ostean zubian geratu zen jende andanaren eta ertzainen arteko eztabaida eman zen. Irudiak: Axier Lopez
Urtza atxilotu aurretik zein ondorengo momentuak biltzen ditu perspektiba ezberdin batetik beste bideo honek. Irudiak: Lander Arbelaitz
Urtza atxilotuta eraman ostean, bertan bildutako ehunka lagunek ertzainak inguratu zituzten Ondarroatik alde egin zuten arte. Irudiak: Axier Lopez
Azken ertzaintzak Ondarroatik alde egin ondoren, Askegunean asanblada jendetsua burutu zen. Zubian Urtzaren alboan egondako Mikel Etxaburuk eskertu zuen 5 egun horietan Askegunetik igaro diren pertsona guztien elkartasuna eta kemena. Irudiak: Lander Arbelaitz
Argiako lankideok grabatutako bideo hauez gain (gainerakoak gure Youtubeko kanalean dituzue ikusgai), egunaren laburpen modura, beste hiru bideo nabarmendu nahi ditut: Ondarroako Turrune webguneak egindakoa, Naiz.info-ren bideo hau eta Info7 irratiaren audio bilduma.
12 Iruzkin
[…] Guztia ezin hobeto bildu zuten, zubitik bertatik, Argiako Lander Arbelaitzek eta Axier Lopezek. Hartutako bideo guztiak, gainera, hemen bildu dituzte: Ondarroako herri harresia · bideo bilduma. […]
[…] AskeGunea, AskeGunea Ondarroa, Euskal Herria Axier Lopez lankideak Begizta blogean gaur goizaldeko bideoen bilduma egin […]
Urtzak Ertzainak hiltzeko ekintza bat laguntzeagatik izan epaitua. Ertzainak hiltzeko ekintza bat.
Axiertxo, komentarioak objetiboak direla ez duzu esango. Bai ertzain batek fusilarekin jendea destatu egiten du… baina buruzagi batek gogor egiten dio ta atzerantz bidaltzen du… hori ere ikusten da bideoan….ta ez dozu aipatzen… non dago zure objetibitatea?
Zenbat ta gehiago ikusi zenbat ta harrituago nago. Horrelako egoera batean, ezker abertzaleko batek Ertzain bati “No me hagas daño” esaten? Ta orain arte ezker abertzaleak babestu duen bortxakeria ez al zuen “daño” rik egiten? Urtzaren ekintzek ez al zuten minik eman nahi?
“Horrela hil zenuten Iñigo Cabacas” oihuak entzutean fusila jendearen burura paratzen duen ertzainaren jarrera hori onartezina da. Ondoren agintean dagoenak errieta egin, bera urrunago jarri eta berriz fusilarekin jolasean hasi zen. Zuretzat agintean denaren jokabidea da azpimarratzekoa, niretzat ordea fusila eskuetan duen ertzainari darion gorrotoa. Gu babesteko lana ei duenarena.
Halere, Derrigor, objetibitatea bilatu nahi izanez gero sentitzen dut baina blog honetan ez duzu topatuko. Ondarroan “benetan” zer gertatu zen jakiteko Antena3, Tele5 eta ETB2ko albistegiak dauzkazu.
Besarkada bat
Nik bien jokabidean dagola albistea deritzot.
Nik badakit Antena 3 ta abarrek ez dutela egin handirik esaten,ez nekiena zuk bardina egiten duzula onartzea.
Pozten naiz, hori baita iritzi ezberdinak izatearen ondorioa.
Antena3ekoaz zer esan… sakatu botoia eta aldatu katea.
Ederto segi!
Ados. Berdinak zarie Antena 3, Interconomia ta zu. Ez nuen horrelakorik espero. Kontutan hartuko dut zure hurrengo albisteak irakurtzerakoan.
Ondo izan.
Derrigorren lehenengo iruzkina ikusita atzematen da zein den berak eskatzen dauen ‘objetibotasuna’. Torturapean lortutako autoinkulpazioaz hitzik ez eta aldiz ertzain 1ek beste bati bere lana ondo egiteko esan izana eskatzen dotzu aipatzea. Naturala mutila!
Azti… aipatzen dituzun tortura hoiek ez ditut irakurri. Irakurri dodan gauza bakarra atxiloketa politikoa dala… Niri ere min asko egiten dit Ertzaintzak Madrilgo epaitegien aginduak bete beharra… baina nik bideotan ikusi dudana ta hemen irakurritakoa ez dator bat. Zuzenean onartzen bada objektibitaterik ez dala behar…
Gosea baino zaharragoa den eztabaida bat planteatzen ari zara. Objektibitatearen ingurukoa. Kazetaritzan horren gertu aritzea da gakoa baina hara heltzea ezinezkoa da. Zeozer aipatzean beti alboratzen delako beste zerbait. Argazki kamara alde batera eta ez bestera jartzean beti baztertzen delako zerbait. Zuk zeuk egin berri duzu. Torturen inguruan ez dakizu ezer, nahiz eta Askegunearen lanaren zutabe nagusia hori izan: “ez dela zilegi torturapean egindako autoinkulpazioa izatea pertsona bat kartzelaratzeko froga nagusia”. Baina aldiz, azentua jarri duzu ezeren aurretik Urtza ertzaintzak hil nahi zituela.
Eta zentzu honetan bi aipu.
Batetik, bideoek bakarrik hitz egiten dute eta horren gainean nik kokapen txikia ematen diet.
Eta bestetik, hau bloga da. Blog gehienak bezala, pertsonala. Nire izenean baino ez dut hitz egiten. Eta beraz, nahi dudana esan eta zabaltzeko txokoa duzu. Nire iragazkitik pasata, gurago dudan eran, hitz egiteko.
Beraz, enfoke pertsonala tartean delarik, gustatuko zaizu gehiago ala guttiago errealitatea interpretatzeko darabilzkizun baloreen arabera.
Baina objektibitatearen izenean ezin duzu eskatu gertakari baten aurrean(fusilaren afera) nire iritziz salagarriena zer den. Kasu honetan, langile publiko batek herritarrei adierazitako bortxazko mespretxua.
Ederto segi.