Ondarroako #herriharresia – bideo bilduma

Axier Lopez
12
Arg. Axier Lopez

Lander Arbelaitz lankideak eta biok, maiatzaren 15eko goizaldean, Ondarroan 5 egunez iraun duen AskeGunearen hustean grabatu ditugun bideo esanguratsuenak bildu eta kronologikoki ordenatu ditut.

Goizaldeko 7etan Iurretatik etorritako 30 furgonetek inguratu zuten Ondarroako Zumardia. Irudiak: Axier Lopez

AskeGunean gaua emandako jende guztia gaueko 5etan esnatu eta etorriko zenaren zain izan zenez, gorputzean gordetako tentsioa kantu bidez askatzen hasi zen. Irudiak: Lander Arbelaitz

Zubian bilduta zen jendea kanporatzen hasi aurretik, zubiko sarreraren inguruan bildutako dozenaka lagun botatzen hasi ziren. Horietako asko jende heldua zen baina adina ez zen aitzakia izan gainerakoei emandakoa baino tratu hobeagorik jasotzeko. Irudiak: Axier Lopez

Erresistentzia azken unera arte eramandako jendearekin bereziki jarrera bortitza azaldu zuen Ertzaintzak. Beñat Lizeaga, Zumaiako preso politiko ohi eta gazte auzipetuarekin gertatutakoa da horren adibide. Irudiak: Axier Lopez eta Turrune.blogspot.com

Behin zubi inguruko jendea kanporatuta, eskaileretan bildutako lagunak botatzeari ekin zioten ertzainek. Gehienak eskaileretatik behera arrastaka atera zituzten. Irudiak: Lander Arbelaitz

Ordurako bi orduz zubi gainean eserita zegoen jendearen txanda heldu zen. Urtzarengana gerturatu ahala giroa geroz eta beroagoa zen. Irudiak: Lander Arbelaitz

Herri harresiko kideak kanporatu ahala zubiaren ezker eta eskuinaldean jendea pilatzen hasi zen. Zubiaren ezkerraldean grabatu daude irudi hauek. “Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas” oihuari ertzain batek emandako erantzun iraingarria erakusten du bideo honek. Ertzainburuak kargu hartu bazion ere, ertzain horrek, temati, fusil berriarekin jendearen burura destatzen jarraitu zuen. Irudiak: Askegunea

Operazioan Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu eta hiru lagun atxilotuta eraman zituen. Horietako bat, Beñat Apalategi gazte donostiarra. Segiko kide izateagatik Donostiako 15 auzipetuetako bat. Absolbitua izan bazen ere, lehenengo Askegune horretan oso parte-hartze aktiboa izan zuen. Donostian bezala, Ondarroan ere ez zuen tratu gozoa jaso. Gauean askatu zuten beste bi atxilotuekin batera, “autoritatearen aurrean erresistentzia” adieraztegatik epaiketa izango du. Irudiak: Lander Arbelaitz

Eguneko unerik gogorrenetakoa. Erlantz, Urtza Alkortaren nebari Ertzaintzak emandako jipoiak tentsio handia sortu zuen zubian. Irudiak: Axier Lopez

Atxilotu aurretik Urtzak zubian emandako azken 6 minutu beroak jasotzen ditu bideo honek. Ertzaintzak eskura zuen guztia erabili zuen horretarako: kolpeak, ukabilkadak, porrak eta mehatxuak. Irudiak: Axier Lopez

Urtza atxilotu ostean zubian geratu zen jende andanaren eta ertzainen arteko eztabaida eman zen. Irudiak: Axier Lopez

Urtza atxilotu aurretik zein ondorengo momentuak biltzen ditu perspektiba ezberdin batetik beste bideo honek. Irudiak: Lander Arbelaitz

Urtza atxilotuta eraman ostean, bertan bildutako ehunka lagunek ertzainak inguratu zituzten Ondarroatik alde egin zuten arte. Irudiak: Axier Lopez

Azken ertzaintzak Ondarroatik alde egin ondoren, Askegunean asanblada jendetsua burutu zen. Zubian Urtzaren alboan egondako Mikel Etxaburuk eskertu zuen 5 egun horietan Askegunetik igaro diren pertsona guztien elkartasuna eta kemena. Irudiak: Lander Arbelaitz

Argiako lankideok grabatutako bideo hauez gain (gainerakoak gure Youtubeko kanalean dituzue ikusgai), egunaren laburpen modura, beste hiru bideo nabarmendu nahi ditut: Ondarroako Turrune webguneak egindakoa, Naiz.info-ren bideo hau eta Info7 irratiaren audio bilduma.

12 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA