Espainiako Estatuko "Guantanamoak" itxi

Axier Lopez
0

Asteburuan mobilizazioak izan dira Espainiako Estatuan Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak (CIE) behin betiko ixtea eskatzeko. Paperak ez edukitzeagatik legez kanpoko egoeran dauden etorkinak atxilotzeko zentroak dira CIEak. Ugariak dira giza eskubide urraketen salaketak, eta askok “arrazakeria instituzionalaren” erakusgarri gisa definitu dituzte zentroak.
Margarita Garcia Migrastudium fundazioko kideak hala laburtu ditu CIEtako egoerak: “Ohikoak dira eskubide urraketak: informazioarena, komunikazioarena, osasunarena, familiarekin bizitzekoa… eta abar”. Zentroetan askatasunik gabe mantentzen dituzte atzerritik etorritakoak haien aurkako epai judiziala argitu arte; herrialdetik deportatzea izaten da zigorra kasu gehienetan.

Larunbatean Bartzelonan egindako mobilizazioaz La Directak egindako bideoa.
“Gosetik, jazarpenetik, gerratik edota pobrezia gorritik ihesi, urrunetik etorritako pertsona horiek berriro ere heriotzaren eta bidegabekeriaren itsasora botatzeko arriskua dago”, salatu du Euskadiko CEAR elkarteak. Bizi-baldintza umiliagarriak, indarkeria fisikoa eta psikologikoa eta sexu-gehiegikeriak dira elkarteak jaso dituen CIEn aurkako salaketen funtsa.
CEAR-ek egin bezala, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak migrazioen aurkako errepresioaren beste maila bat besterik ez direla salatu dute hainbat mugimenduk azken urteotan. Diru gutxirekin eta ziurtasun-gabezia handiz milaka kilometro egin ostean, Europako muga da lehen koska. Ceuta eta Melillako harresien inguruan antolatutako sistema errepresiboa da horren adibide garbia. Oztopoak gainditzeko zortea izanez gero, legalitatearekin egingo dute topo. Gaur gaurkoz, paperik gabe oinarrizko eskubideak ere ezbaian jartzen baititu Espainiako legeak. Poliziak harrapatuz gero Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak izango dira haien zigor-mehatxua. Eta amaitzeko, jaioterrira itzularazteko hegaldietan, batzuk legez kanpokoak, “kanporatze bortitzak” aipatu behar ditugu.
Zigorgabetasunaren, iluntasunaren eta babesgabetasunaren paradisutzat hartzen dira CIEak; ez-leku horietan, giza eskubideen urraketak jasaten dituzten biktimek ez dute prozesu judizial egokia izateko aukerarik eta komunikabideek sarrera debekatua dute. CIEak ez dira, ordea, Espainiako Gobernuak asmatutako erantzun errepresiboa. Europako mugaldeko herrietan ezarritako eredua da. Berbarako, Italiako kasuaren berri eman du berriki Ane Irazabal kazetariak Berrian.
Nola egin aurre?
Migrazioaren arazoa globala izanik, argi dago konponbideak ere orokorra izan beharko duela. Ezkutuko migrazioaren aurka borrokatzeko bide bakarra proposatzen du CEAR elkarteak: lapurreta eta neokolonizazioa amaitzea. “Europak ezin du jarraitu inguruko herrialdeetan inposatutako gatazkei eta gerrei etekina ateratzen. Egoerak horrela jarraitzen duen artean, ezkutuko migrazioak ere jarraitu egingo du; mugekin nahiz mugarik gabe, hesiekin edo gabe, Frontex agentziarekin edo gabe, Eurosur sistemarekin edo gabe”.
Atzerritarrentzako “kartzelak” ikusgarri bilakatzeko kanpaina
“CIES no” kanpainan zenbait talde, elkarte eta mugimenduk parte hartzen dute. Kanpaina atzerritarren aurkako eskubide urraketak salatzeko jaio zen, baina, batez ere, CIEtan gertatzen dena ikusarazteko. Jende migrantea kriminalizatzeko martxan dauden deportazio mekanismo eta mugen kontrol guztiak salatzea da haien asmoa. Horren adibide praktikoak hegalaldi komertzialetan indarrez egindako deportazioak salatzeko ekimenak dira.

CIE eta migrazio mugimenduei buruzko zenbait datu
CEAR elkarteak aurten argitaratu duen txostenetik ateratako datuak dira gehienak.
– 2014an 866.000 pertsonek era bateko edo besteko babes eskaera egin zuten munduko 44 herrialde industrializatuetan; erdia baino gehiago Europan.
– Europar Batasunak mugak gogortzearen alde egin du, Frontex agentziaren Triton Operazioak argi utzi duenez. Horren paradigma Hungaria dugu. Hungariak 175 kilometrotako harresia eraikiko du Serbiarekin duen mugan, “legez kanpoko migrazioaren fluxua eteteko”.
– 2014an, 218.000 iheslarik eta migratzailek Mediterraneoa igaro zuten. Horietako 3.419k, gutxienez, bizitza galdu zuten “bidaia” horretan.
– 2013ko amaierako datuen arabera, 51 milioi pertsonak haien etxetik kanpo bizi dira, jazarpenagatik, gatazka armatuengatik, indarkeriagatik eta giza eskubide urraketa sistematikoarengatik. 1945etik hona inoizko zifrarik altuena.
– Errefuxiatu gehien jasotzen duten 10 herrialdeen artean ez dago europarrik. 2014an Pakistanera 1,6 milioi lagun heldu ziren. Urte horretan 200.000 pertsona eskas heldu ziren Alemaniara, Europan atzerritar gehien jaso duen herrialdera.
– Europak Siriako errefuxiatuen %0,17 jasotzeko prestutasuna adierazi du. Libanok, Turkiak, Irakek, Jordaniak eta Egiptok Siriatik alde egin duten 3,5 milioi lagunen %97 hartu dute. 2014an babes eskaera gehien siriarrek egin zuten, haien atzetik Irak, Afganistan, Serbia, Kosobo eta Eritreakoak zeuden.
– 1984an onartu zuen Espainiako Gobernuak lehen babes edo asilo legea. Harrezkero 180.580 pertsonak baino ez dute babesa lortu. Alemaniak 2014an bakarrik jaso dituenak baino gutxiago.
– 2013ko abenduaren 3an Zona Francako CIEn Alik Manukyan hil zen. Bartzelonako CIEn hil diren 4 lagunetatik azkena.
– 2006an Espainiako bost polizia salatu zituzten Malagako CIEn atxilo zeuden zenbait emakumeri sexu erasoak egiteagatik. Pasa den astean kargurik gabe libre uzteko agindu zuen auzitegiak.
CIEak ixteko eskatzen lehen parlamentua izateko aukera du Kataluniakoak uztailean. Ezkerreko alderdi guztiek babesa adierazi diote ekimenari, baina CiUk eta PSCk ez dute beren iritzia oraindik argitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA