Nazi karnetak hemen eta han banatzeko kirolaren zalea ez naiz. Garaiotan oso erraz, errazegi, mintzo gara bestearen nazismoaz, faxismoaz, apartheidaz… Kasik termino horien atzean dagoen karga politiko handia ezustean uzteraino, norberaren iritziarekin bat ez datorren hori iraintzeko, deabrutzeko, beste helbururik gabe. Baina, horrek ez du esan nahi, batzuetan, batzuei, hala deitu ezin zaienik. Adibidez, Espainiako ultraeskuinari. Adibidez, Voxeko buruzagiei.
Ezer berririk ez naizela esaten ari irudituko zaio bati baino gehiagori. Fatxa bati fatxa deitzea, kritika baino laudorio zaiolakoan. Baina kontua da ahalik eta botere politiko instituzional handiena eskuratu nahi duen neofaxismo horrek, antza, ez duela gustuko Hitler edo Mussoliniren lagunekin lotzea –Francok urtegiak eta errepideak egin zituen–. Areago perroflauta batek esan badu. Voxek Auzitegi Gorenera eraman zituen Podemoseko buru Ione Belarrak maiatzeko hauteskunde kanpainan esandako hitz batzuk: “Poztekoa da Voxek maskara kendu izana eta denen agerian naziak direla erakustea”. Bada, Gorenak berretsi du Voxekoei nazi deitzea ez dela gorroto delitua. Eta are interesgarriagoa den zerbait berretsi du epaiak: gorroto delituaren helburua ez da talde politiko bat babestea kritika publiko eta politikoaren aurrean, baizik eta baztertzeko edo erasoak jasotzeko arriskupean dauden kolektibo zaurgarriak zaintzea. Borreroak biktimaren larrua jantzi nahi izatea ohiko defentsa da, baina kolektibo baztertuen lekua norberarentzat aldarrikatzeak erridikulizatu eta banalizatzen ditu gorroto delitua eta kolektibo zaurgarrien babes beharra. Horregatik horrelako salaketa asko egin du Vox-ek. Baina, tamalez, ez dira bakarrak.
Zer pentsatu beharko genuke Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok 2019ko Altsasuko Ospa Eguna gorroto delitutzat jo zuenean? Legearen babes osoa duten soldatapeko 75.000 kide armatuk kolektibo zaurgarria osatzen dutela? Eta Ertzaintzari kalean egindako kritikengatik, iazko maiatzean Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak ezker abertzalea “gorroto delitutik oso gertu zela” adierazi zuenean, zer? Garai horietan Ertzaintza herriz herri gazteak jipoitzen aritu zen pandemiaren aurkako murrizketen aitzakiapean. Kritikak jaso zituen, baita “PNV lotu txakurrak” moduko pintaketak ere. Horren aurrean, EAJk Voxen eredua bere egin eta, botereduna biktimatzat aurkeztuta, arrazakeria edo homofobiaren biktimen maila berean jarri nahi izan zuen Polizia; Ertzaintzaren sindikatu hooliganen txalo artean –Esan, Erne, Sipe, Euspel eta enparauak–.
Horregatik, horrelako epaien berri ematearekin batera ez dago soberan gauza bat gogoraraztea: EAJ ez da nazia, baina “naziei” kopiatzea ez da oso polita.
2 Iruzkin
Ados, Axier, baina ez duzue jarrera bera erakutsi -ezertarako balio ez duen- Covid ziurtagiriari “nazi pasea” edota pandemiaren testuinguruan “Genozidioa gelditu” bezalako leloak darabilten polizia sindikatuekin batzen diren Bizitza bezalako elkarteei.
Hori ere larria da oso, eta zuek, hauspotu baino ez dituzue egin.
Aupa Jon! Ba hain zuzen, artikulu honen lehen paragrafoan aipatzen dudana horri zuzenduta dago. Edo behintzat hori buruan idazti dut. Sektore horretatik zeinen erraz erabiltzen duten eta ezartzen dieten nazi, diktadura edo faxismo etiketa beste batzuei. Nire ustez, ez du batere laguntzen, adibidez, pasaporte baztertzailearen aurka egiteko. Hitzek zentzua galtzeaz gain, zuri eta beltza indartzen dutelako.
Iruditu bazaizu, “guk” (ARGIA, pentsatzen dut) batzuei nazi ala faxista deitzen lagundu dugula, ba sentitzen dut, baina gure helburu eta praktikatik urrun dago hori.