Urteak, hildakoak eta desplazatuak pilatzen jarraitzen du inori axola ez zaion beste gerra horietako batek. Baina hori ez da txarrena, zazpi urte eta gero hobekuntza zantzurik ez dagoela baizik. 2015ean Saudi Arabiak sustatutako nazioarteko koalizio batek Yemen erasotzeari ekin zion, AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren babes “logistikoarekin”. Bada, aurtengo urtarrila izan da hilabeterik odoltsuena. Yemen Data Project proiektuaren arabera, urtarrilean Saudi Arabiako bonbardaketek 139 zibil yemendar hil dituzte, eta 287 zauritu.
Otsail hasieran Nazio Batuen Erakundeko sei langile –bost yemendar eta bulgariar bat– bahitu dituzte Arabiar Emirerri Batuen babesa duen miliziaren kontrolpeko zonalde batean. Saudi Arabiak gerran daukan aliatu nagusietako bat dira Emirerriak. Diktaduren artean ondo konpontzen dira.
Yemengoa munduko krisi humanitario larriena dela dio NBEk. Erakundearen arabera, 377.000 pertsona inguru hil dituzte borroken, edateko ur faltaren, gosearen eta gaixotasunen eraginez. Nazioarteko programa humanitarioak gutxitzen ari direla salatu du NBEk, eta borroka-guneak, aldiz, ugaritzen. Herritarrek ihesbide gutxi dute, etsai eta itsaso artean harrapatuta. Gainera, Yemenen COVID-19aren laugarren olatuak jo du, eta gerrak desplazatutako ehunka mila pertsonen artean askok eta askok ez du oinarrizko zerbitzurik, komuna edo edateko ura kasu. Gatazka hasi zenetik ia zazpi urte igaro ondoren, osasun-zentroen erdiek soilik jarraitzen dute martxan, eta, beraz, hiru yemendarretik bik ez dute osasun-zerbitzuetarako sarbiderik.
Eta bien bitartean, Mendebaldean gatazkarekiko nagusitu den jarrera da negozioa ezin dela eten. Yemengo masakrea elikatzeko, gutxienez 2017tik aurrera Bilboko portutik pasa diren armaz betetako itsasontziek kritikak jaso zituzten, Eusko Jaurlaritza ostrukarena egiten saiatu zen bitartean. Bilboko Portuko buru Asier Atutxak maisuki uztartu zituen multinazionalen bihozgabetasuna eta politikarien pragmatismoa: “Begira, arma trafikoa legezkoa bada, guk lan logistikoa egingo dugu”. Zeren, bai, Saudi Arabia diktadura wahabista da, baina diru asko dauka eta Espainiako eta Euskal Herriko industriaren bezero handietako bat da. Negozioen munduan etika hippyen gauza da.
Zaharrak berri. Berriki jakitera eman dute Saudi Arabiak Espainiako suziri sorta berri bat eskuratu duela. Armak bi edukiontzitan eraman zituzten urrian Valentziako Saguntoko portutik. Espainiako “ezkerreko” Gobernuak adierazi du “Yemengo gerran parte hartzen duten herrialdeek ez dutela nazioarteko zigorrik edo armak eta Poliziarentzako materiala esportatzea debekatzen duen enbargorik”. Eta horrela, erraztasun horrekin, justifikatzen da axolagabekeria sarraski baten aurrean, baita indarkeriatik etekinak lortzeko grina ere.