Eta Errusiak gerra zabaltzea aukeratu du

Axier Lopez
0
Gerra eta industria militarraren aurka kolektibo feminista eta antimilitaristen mobilizazio bat Bilbon 2020an. Argazkia: Ecuador Etxea

Ez du gerra abiatu. Gerra egon bazegoelako Ukrainan, 2014ko estatu kolpearen ostean, fokua Donbassen zuela. Edonola ere, Vladimir Putinek gerra aukeratu du, mugarri arriskutsua ezarri eta zuhurtasunari jarrera oldarkorrak hartu dio gaina, gerraren arduradun nagusi bilakatuta. Askok ez genuen uste, Donbassetik kanpo, esku-hartze militarra egitera ausartu eta kontakizunaren batailan (hori ere egon badagoelako) arrazoiaren zati bat emango zionik nori eta Iraken “suntsipen handiko armak daude” teoria entzutetsuaren bozeramaile nagusietako bati, Joe Bideni.

Ukrainan zabaldu da gerra, eta ez Donbassen bakarrik. Horrek guztiz aldatu du panorama. Putinen hitzetan, Ukraina ez omen dute inbadituko, Ukraina “desmilitarizatu” eta “desnazifikatu” nahi dute. Hau da, haien begitan zilegitasunik ez duen gobernuan aldaketa eragin nahi dute, Ukraina NATOn sar ez dadin, Krimea aitortu dezan, eta batez ere, NATOren ekialderako hedapena ezbaian jartzeko. Errusiak ez du Ukrainan geratzeko asmorik, dio Putinek, baina gerra presio estrategia gisa ulertuta, ez badu lortzen nahi duena, zer? Uste baino erresistentzia armatu handiagoa piztuz gero, zer? Kontua da Errusiak irabazi egin behar duela, eta Ukrainak “bakarrik” saihestu behar duela erabateko porrota. Gerra bat piztea errazena da, eta behin muga hori igarota, haren garapena kontrolaezin bilaka daiteke.

Batzuek diote zortzi urtez luzatu den gerra bati (zure herriaren parte sentitzen direnen aurkakoa, errusiarren ikuspegitik) amaiera emateko era bakarra alde baten gaitasun militarra deuseztatzea dela. Eta bai, Ukrainak menpean zituen Donetsk eta Luhanskeko zenbait zonaldetatik atzera egiten ari da, Donbasseko gerra ezagutzen genuen bezala amaitu egin da, baina gerra bat itzaltzeko konponbidea erasoaldia handitzea, herrialde bateko hiri nagusi guztietan bonbak zartatzea, eta kaleak soldaduz eta tankez jostea… Hori inork beretzat nahi ez duen egoera da. Ez Ukrainan, ez inon.

Zaila da mapa guztiz fidagarri eta zehatza osatzea, baina ondokoa da gehien mugitzen ari denetako bat errusiarren legen eguneko erasoaldiaren tamaina ikusteko.

Momentuz Errusiak lortu duena da Europan maila honetako gatazka baten protagonista nagusia izatea. Eta mezu argia bidali du nazioartera, eta AEBei zuzenean: “Ez zarete munduko Polizia, nire eskariak ez badituzue maite, indarrez betearaziko ditut”. Jarrera oldarkor horrek aukera eman dio NATOri, lehen ez bezala, batuta agertzeko. Errusiaren aurkako zigor ekonomikoen tamaina eta eraginkortasuna horren araberakoa izango da.

Orain hobeto ulertzen da Putinen azken hitzartzeetan zergatik eskaini zion hainbeste lerro Ukrainak estatu gisa zilegitasunik ez duela argudiatzeari. Putinek oso argi hitz egin du Sobietar Batasuna osatzen zuten lurraldeen historiari buruz. Orduko Errusia desegin izana bere erara azaldu du. Inperio errusiarra desegitea errorea izan zen eta arazoa boltxebikeek autodeterminazio eskubidea onartu izana. Putinek barruan daraman antikomunismoari bide emanez, Ukraina azaltzen digu “boltxebikeen asmakizun” gisa, eta hortik eratorrita, “Ukraina arazo da Errusiarentzat gaur egun”.

2014ko Ukrainako estatu-kolpeaz geroztik, Donetsk eta Luhanskeko herri-miliziek gerra gal ez zezaten bermatu du Errusiak, baina ez dira haratago joan. Moskuk orain jarrera aldatu egin du. Lehen, Donbasseko gerra –nazioarteak ahaztua eta alboratua– amaitzeko konponbide bat negoziatzera behartu nahi zuen Ukraina. Hori ez da gertatu eta gerra hori, denboraren poderioz, gaur egun nazioartean askoz ere zabalagoa den gatazka bihurtu da. Minskeko akordioek estatus berezia aitortzen zioten Ukraina barruko Donetsk eta Luhansk herriei. Ukrainak uko egin zion akordioak ezartzeari eta berehala NATOrekin bat egitea eskatu zuen. Washingtonek jokabide hori babestu zuen, Mendebaldeak Ukrainako Indar Armatuak indartu zituen, Errusiak gatazkaren azken kapitulu honetan oldartuta… eta hemen gaude, bonbardaketen irudiei begira.

Herritar bat “Gerrarik ez” kartelarekin, otsailaren 24an Errusiako San Petersburgo hirian. Argazkia: EPA-EFE

Donbasseko gerra, ezagutu genuen bezala, amaitu egin da. Azken zortzi urtetan ehunka milaka lagunek alde egin behar izan dute etxetik eta milaka hildako –14.000 kalkulu batzuen arabera– eta zauritu utzi ditu Donbassen. Zortzi urtez bere herriari eraso egin eta bonbardatu duten gobernuen agindupean, eta egun hauetan bakea aldarrikatzen ari den nazioarteko komunitateak ia zalapartarik atera gabe. Baina, jakina, Donbassen ostekoak ez du zertan hobea izan: bonbak, tropak mugak zeharkatzen, politikariak testosterona gurutzatzen diskurtsoetan… Batzuek 2008ko Errusiaren esku-hartzea Georgian aipatzen dute gidoi baten bila. Orduan Errusiak Georgiako azpiegitura militarra azkar suntsitu zuen, hegazkin-baseak menpean hartu zituen eta, nagusiki, Abkhazia eta Hego Osetia lurraldeen independentzia ziurtatu eta onartu zuen, Georgia okupatu gabe. Izan liteke, baina Errusiaren helburua ez da Luhansk eta Donetsk kontrolatzea, ezta Ukraina osoa  ere, baizik eta nazioarteko segurtasun-eskema berri bat negoziatzea eta ezartzea. Eta hori askoz korapilatsuagoa da, eta arriskutsuagoa gerra piztuta egonda.

Rafael Pochek azpimarratu bezala, 1990eko hamarkadatik Errusiaren inguruan AEB eta NATO ezartzen ari diren setio militarra probokatzailea eta zentzugabea da. Eta mehatxu estrategia hori indargabetzeak asko lagunduko luke. Baina horrek ez du justifikatzen gerra berri bat piztu izana. Arma nuklearrak dituzten jokalariekin Risk jokoan aritzea arriskutsua da oso. Logika militarrak, datorren lekutik datorrela, interes ekonomiko eta geoestrategikoak lehenesten ditu bizitza duinaren aurretik. Horregatik, Gerrari ez! aldarri zaharra aireratu beharko da berriz ere (ostegunean Errusiako hiri askotan egin bezala). Gerrarik ez Donbassen, Ukrainan, Sirian, Yemenen, edota Etiopian. Eta aukeran, beste inon ere ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA