Zentsura, herritar inozoontzat

Axier Lopez
0
Josep Borrell,. Argazkia: EFE

Informazioaren kalitate eta aniztasun eza dira sintomak, ondoren “gerraren lehen biktima egia da” esaldia errazten dutenak. Egunotan abiadura bizian ari gara ikusten sintoma horien hedapena, pentsaezinak ziren neurriak justifikatzen dituen gerra baten erdian. Icebergaren punta Europako estatuen operazio politikoa izan da Europa osoan bi komunikabideren emisioak zentsuratzeko: Russia Today eta Sputnik. Horretarako, AEBetako bi multinazional nagusiren laguntza aparta izan dute: Meta (Facebook, Instagram, WhatsApp eta beste) eta Alphabet (Googleren askotariko plataformen eta Youtuberen jabea, askoren artean).

Zein da neurri gogor eta ezohikoa ezartzeko haien argudioa? “Gerran gaude eta bi komunikabide horiek etsaiaren aldekoak dira”. Eta ez zaie arrazoirik falta; hedabideetako zuzendaritzek, salbuespenik gabe, ordaintzen dienari kasu gehiago egiteko joera “bitxia” eta oso zabaldua baitute. Horregatik, adibidez, euskal herritar gehienok RT eta Sputniken aurkako zentsuraren albistearen berri izan dugu %100ean bankuenak edo multinazionalenak diren edo alderdi politikoek/gobernuek kontrolatutako hedabideen bitartez. Europak sortutako lubakitik informatzen duten komunikabide horiek ez dute ildo editoriala ezkutatzen, irakurlea dikotomia sinplista baina efektista baten aurrean jarriz: zuri ala beltz, nirekin ala bestearekin, demokrazien hedabideak ala Errusiakoak.

Herritarrak inozotzat hartuta, zer ikusi, irakurri edo entzuteko irizpiderik gabeko subjektu gisa, informazioa kontrastatzeko, aurka egiteko edo jarrera propio bat sortzeko gaitasun kritikorik gabe utzi dute biztanleria. Denon “hobe beharrez” zentsuratu dute.

Europar Batasunaren ekimena izan da, Europar Batasuneko herritarrei zuzendutakoa, Europar Batasunak Europako balio gisa aldarrikatzen dituen askatasunen esparrua murriztu duena. Bide batez, Ukraina europarzaleak beretzat nahi duen askatasun eremua. “Askatasuna” lortzeko, askatasunak murriztu behar, omen. Hard power Josep Borrell nazionalista espainiarrak eta GALeko torturatzaileen lagunak esana, orain Europar Batasuneko mamporrero lanak egiten dituena Europako Atzerri eta Segurtasun Politikarako ordezkaritzatik.

Europako botere eremuek, Interneteko multinazionalen ezinbesteko laguntzarekin eta tabernako mcCarthyisten erara, “errusiazale”, “propaganda” eta “desinformazio” etiketak jartzeari ekin diote. Erraztasun osoz ari dira, eta kritika sozial handirik jaso gabe. Hedabideen, kazetarien eta sare sozialen erabiltzaileen aurkako zentsurak –baita kontu zatar hauetan historial luzea duen Putinen gobernuak egindakoak ere– disidentziaren jazarpena legitimatzen du, munduan barrena “terrorismo” kontzeptuaren aterkipean egin dutenaren antzera. Euskal Herrian horretaz zerbait badakigu.

RT eta Sputniken zentsura aurrekari arriskutsua da adierazpen-askatasunaren eta informaziorako eskubidearen arloan. Desinformazioari, gezurrei eta propagandari ezin zaio debekuen bitartez aurre egin. Agintariek hedabideak gerraren kultura sustatzeko erabiltzen badituzte, zirkulu gaizto horren parte izan nahi ez dugun komunikabideon zereginak guztiz kontrakoa beharko luke izan: galdera berriak sortu eta herritarren artean kritikotasuna lantzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA