Langileek nahikoa esan dute Erresuma Batuan

Axier Lopez
0

Erresuma Batuak lehen ministro berria izango du datozen orduotan. Inkestek asmatzen badute, Margaret Thatcherren jarraitzailetzat aurkeztu den Liz Truss izango da Boris Johnsonen ordezkoa eta haren agintaldi negargarria ahantzarazteko arduraduna. Baina toryek aukeratuko duten pertsona bata ala bestea izan, norabide politikoa ez da aldatuko. Murrizketen eta pribatizazioen bidean sakontzeko asmoa dute. Areago, herrialdearen egoera korapilatsuaz jakitun, langileen grebarako eskubidea mugatzearen alde agertu dira hautagai nagusiak, baita sektore batzuetan debekatzeko prest daudela esan ere.

Horregatik, politika kontserbadore eta murriztaile horien aurrean –batzuetan eskuin muturretik oso hurbilekoak– Ingalaterra, Gales eta Eskozian grebak barreiatzen ari dira. Besteak beste, trenbideetako, portuetako, autobusetako, metroko, posta zerbitzuko eta telekomunikazioetako dozenaka mila langilek grebak egin dituzte. Duela aste batzuk zabor biltzaileek ere greba deklaratu zuten, abokatuen gremioak ere geldialdia egin zuen, erizainek hurrengo asteetan erabakiko dute historiako lehen greba nazionala deitu ala ez, eta, bide horretatik jarraituz, beste gremio batzuk ere ari dira planteatzen batzuek dagoeneko deitu duten “atsekabearen uda”-rekin bat egitea.

Erresuma Batuko sindikatuak grebak areagotzea eta gehiago hedatzea aztertzen ari dira. “Herrialde osoko jendea gauza bera ari da sentitzen. Leku guztietako jendea ondorio berera iristen ari da. Nahikoa da eta ez dugu egoera hau gehiago jasango”, adierazi du Unite sindikatuko kide Miles Hubbard-ek. Portuetako langileak ordezkatzen dituen sindikatu horrek %7ko soldata-igoera proposamenari uko egin dio abuztuaren amaieran, inflazioaren oso azpitik zegoela iritzita. Izan ere, uztaileko inflazioa (%10,1) azken 40 urteetako altuena izan da. Aurreikuspenak ere ez dira batere atseginak, eta batzuek diote 2023. urtearen hasieran %18tik gorakoa izango dela.

Egoera nahasiaren erdian, negua ari da hurbiltzen energia krisi orokor bete-betean. Anticapitalist Resistance taldeko Phil Hearsek jaso duenez, “Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionaleko 100 zentro baino gehiagoko arduradunek ohartarazi dute energiaren prezioa murrizten ez bada, askok ez duela jatekorik izango edo etxeak berotzerik. Neguan, krisi humanitarioa eta osasun-krisia gertatuko dira, eta horrek gainezka egingo dio honezkero oso kaltetuta dagoen osasun sistemari”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA