Cristobal Colonen omenezko leku batzuk Euskal Herrian

Axier Lopez
0
Getxoko Colon kalearen plaka, 2021ean Ernaiko kideek kendu zutena.

Arrazaren eguna, bi munduen arteko topaketaren eguna, Colonen eguna, Hispanitatearen eguna… Urriaren 12a ospatzen ari dira batzuk munduan barrena. Beste askok, ARGIAko lankideok kasu, lanegun arrunta bilakatu dugu egun hau, eta 1492ko mugarri hori baliatu nahi dugu gaur egunera arte bizirik heldu den sistema kolonialari heltzeko.

Urriaren 12a espainiar nazionalistek erabaki zuten/dute beste kontinente batera iritsi izana kontu patriotikoa zela/dela. Hau da, Peio Riañok ARGIAn egin diogun elkarrizketan dioen bezala, “Espainia existitzen da beste kontinente bat ‘topatu’ ostean eta urriaren 12aren bitartez esaten digutena Espainia Amerikarik gabe ez litzatekeela existituko. Nostalgia inperial horretatik, konkistatzaile handien kondaira sortzen da’.

Multzo horretako ikur eta izen nagusia da Abya Yala edo Amerika –Amerigo Vespucci kartografo eta kolonialista italiarraren omenez– zapaldu zuen lehen europartzat saldu digutena: Cristobal Colon. Horregatik Colonen omenezko estatua eta leku oro bilakatu ziren Black Lives Matterrek munduan barrena piztu zuen mobilizazio olatu dekolonialaren jo-puntu nagusi. 2020ko hilabete horietan bata bestean atzerik bota edo burugabetu zituzten herritarrek Colonen omenezko estatuak.

Historia markatu zuten garai ilun haietan orduko euskal herritar batzuk ere izan ziren presente.“Amerikaren konkistaren espedizio guztietan joan ziren marinel euskaldunak, Colonen lehen bidaiatik hasita”, dio Oscar Alvarez Gila EHUko Amerikako Historia irakasleak. Lehen momentutik bertatik. 1492an, Colonen lehen bidaia ezagunean zortzi euskaldun (gehienak Lekeitio ingurukoak) joan ziren. Eta Colonekin 1493an Andaluziara itzuli ez eta Ameriketan eratutako lehen proto-kolonian –Haitiko Navidad gotorlekuan– geratu ziren 39 pertsonen artean ere euskaldunak zeuden. Baita lehen hildakoen artean ere, Colonek La Española deitu zuen irlan geratu ziren guztiak hil baitziren, haien artean hil ala jatorrizko herritarrek hil egin zituzten. Horietako bat zen egun Lekeitioko kaiari izena ematen dion Txatxu edo Txatxo. Aurrerago Haitiko lur haietan egondako Fray Bartolomé de Las Casas kronikagile ezagunak jatorrizko herritarren testigantzetan oinarrituta jaso zuen lehen kolono horien patua: “[Colon] Abiatu ostean, [Haitin] geratu zirenak liskarrean hasi ziren, elkarri labankadaka. Bakoitzak beretzat nahi zituen emakume eta urre oro hartzen zuen”. Colon heldu eta hamarkada gutxi geroago irlako jatorrizko herritarren gehiengoa hilik zegoen, gehienak europarrek eramandako gaixotasun “berriengatik”.

Colonen jatorriaz teoria asko dago, eta horietako bat da Colon ere “gurea” izan daitekeela. Joxe Mari Ertzilla oriotar historiazalearen ustez, Colon Ainhize-Monjolosekoa (Nafarroa-Behera) zen, baita agota izan ere. Areago, Colon baino 100 urte lehenago “euskaldunok aurkitu” genuen kontinente oso bat. Hizkuntza eurozentristak bizirik darrai baita Euskal Herrian ere. Ikusi besterik aurtengo albiste hauek: ¿Los vascos descubrieron América 100 años antes que Cristóbal Colón?  / Según un libro de 1647, los balleneros vascos descubrieron América 100 años antes que Cristóbal Colón 

Colonen bigarren bidaian Sopuertako militar bat joan zen: Francisco Garay. Berak antolatu zuen lehen armada karibeak harrapatu eta azienda nahiz urre meategietan lan egitera behartzeko, antropofagoak zirela argudiatuz. Ondoren konkistatzaile ezagun bilakatu zen eta, besteak beste, Jamaikako gobernadorea izan zen eta rol garrantzitsua jokatu zuen Mexikoko konkistan. Hernán Cortesen aurka lurra eta botereagatik borrokan aritu zen. 2011n Enkarterriko museoan liburua aurkeztu zutenean Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Sopuertako alkateak, “lehen euskal esploratzaile handia” izan zela esan zuten. Mexiko Cuauhtémoc eta Santo Domingo hirietan bere izen-abizenak daramatzate kale batzuek. Garay dorrea dago Sopuertan.

Aitaren bidea jarraitu zuten haren oinordeko batzuek ere. Cristobal Colonen semea, Diego Colon, Amerikara esklaboak eramaten aitzindarietakoa izan zen, eta Balmasedako Sancho eta Juan de Urrutia anaiak ere izan ziren ildo hori jarraitu zuten lehenetarikoak, ehunka afrikar bidaliz Antilletara eta Perura. Haien dirutzaren zati bat jaioterrian utzi zuten urrutiarrek, adibidez 1534 eta 1545 artean Balmasedako San Severino elizako kapera eraiki zuen Juan de Urrutiak. Auto-opari hori “erruki katolikoaren omenezko” monumentua dela diote egun.

Omenezko lekuak

Cristobal Colonek hainbat kale eta pasealeku du haren omenez Euskal Herrian barrena gaur egun. Donostian, Getxoko Negurin, Barakaldon, Portugaleten, Trapagaranen, Irunen, Buñuelen, Murchanten…

Donostian zeresana eman izan du kale horrek. Adibidez,  Donostiako Groseko mugimendu feministak 2019ko greba feministaren harira Donostiako Colon pasealekuari eta Okendo Kultur Etxeari izena aldatu zizkien Berta Caceres Hondurasko aktibista ekologista eta Esther Ferrer artista donostiarraren izenengatik, hurrenez hurren .

Getxon ere izan dira ika-mikak kalearen harira. 2021eko urriaren 12aren bueltan Ernaiko gazte batzuek kalearen plaka kendu zuten. “Kolonialismoaren, Espainiak faxismoaren eta 78ko erregimenaren zapalkuntza eta sarraskien adierazle da plaka hau. Plakak hori guztia goresten eta omentzen du, eta horregatik uste dugu izen hau gure kaleetatik ezabatzea dela onartu daiteken aukera bakarra. Guk lehen pausoa eman dugu, orain zuei dagokizue behin betiko kale honen izena aldatzea”, zabaldu zuten orduan bideo baten bidez. Horren ostean, EH Bilduk Ernaiko gazteen mezuarekin bat egin eta kaleari izena aldatzeko proposamena zabaldu zuen. Egun batzuk geroaro PPko gazteek Colonen omenezko beste plaka bat jarri zuten kale horretan eta bideo batean jaso.

Colonen espedizioetan parte hartu zuten beste kide batzuen omenezko kaleak ere badira. Adibidez, Bilboko Juan de la Cosa kalea. Cristobal Colonen lehen bi bidaietan hartu zuen parte Juan Vizcaíno deitzen zioten horrek (1449-1510). Guztira, zazpi bidaia egin zituen Ameriketara. Alonso de Ojeda konkistatzailearekin batera Santo Domingoko lurrak menpean hartzeko espedizioan izan zen,  besteak beste. Kolonbiako jatorrizko herritar batzuek hil egin zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA