Puerto Rico deskolonizaziorako bidean?

Axier Lopez
0
Puerto Ricoko gobernadore Pedro R. Pierluisik erreferenduma eskatu du, “kolonialak ez diren” aukerekin. Argazkia: Wipr

Abenduaren 15ean, AEBetako Ordezkarien Ganberak lege-proiektu bat onartu du, Puerto Ricoko Estatu Libre Elkartuari bere estatus politikoari buruzko lehen erreferenduma egiteko aukera emango diona. Proposamenak senatuan aurrera eginez gero, puertorricarrek hiru aukeren artean aukeratu ahal izango dute: independentzia, AEBetako estatu bat gehiago bilakatzea edo “AEBekin libreki elkartutako subiranotasuna”. Erreferendum loteslea izango litzateke, eta 2023ko azaroaren 5ean egingo litzateke.

Lege-proiektua aldeko 233 botorekin– Alderdi Demokratako ordezkariak gehi errepublikanoren bat– onartu dute eta 191 aurka. Baina legea behin betiko bideratzeko, senatutik pasako da eta han zaila izango du onarpena, errepublikanoak oro har galdeketaren aurkakoak direlako eta senatuan gehiengo dira Trumpen alderdikoak.

Deskolonizaziorako deia ala jukutria

“Puerto Ricoko herriak ez du kolonia izan nahi, eta Estatu Batuek ez dute potentzia kolonialista izan nahi”, esan du Steny Hoyerrek, gehiengo demokrataren buruak. Hala ere, diskurtso handiustekoak aparte –AEBak dira azken hamarkadetako potentzia kolonialik handiena–, ez dira gutxi izan demokraten maniobra politikotzat jo dutenak. Gaur egun puertorricarren artean independentziaren aldekoak gehiengoa ez direla jakitun, demokratek Kongresuaren kontrola sendotzen saiatzeko era bat izan liteke. Izan ere, Puerto Ricok azken hauteskundeetan demokraten alde bozkatu du – alderdi demokratako Pedro Pierluisi Urrutia da irlako gobernadorea–, eta AEBetako 51. estatu bilakatuko balitz, Puerto Ricotik demokratek senatuan zein ordezkarien ganberan eserleku gehiago lortzeko aukera izango lukete.

Proposatutako erreferendum loteslean, Puerto Ricoko egungo estatusa –AEBekin Elkartutako Estatu Librea– ez litzateke aukeren artean agertuko. Hori lehen aldia izango litzateke eta horren alde, status quoa betikotzearen alde, egiten duen PPD oposizioaren alderdi nagusiarentzat kolpea litzateke. PPD da boterean dagoen PNP alderdia bezain neoliberala. Beste bi alderdik dute ordezkaritza. MVC, Herritarren Garaipenerako Mugimendua (2019ko protesta handien ondoren sortua) eta PIP Alderdi Independentista (2016an %2 izatetik 2020an %13 izatera pasa da) alderdi ezkertiar eta antikolonialistak. Dena dela, parlamentuan eta senatuan MVCk bi ordezkari eta PIPek bakarra dituzte.

Azken sei hamarkadetan sei galdeketa ez-lotesle egin dituzte Puerto Ricon, azkena 2020ko azaroan. Orduan galdera zen ea uhartea AEBetako beste estatu bat bihurtu beharko litzatekeen ala ez. Botoen %53 aldekoak izan ziren eta %47 kontrakoak, erregistratutako boto-emaileen erdiak baino gehixeagok parte hartu zuen.

1898tik gatibu

Puerto Rico AEBen jabetzapean egon da 1898tik, gerra hispano-amerikarraren amaieran kolonia bereganatu zuenetik. Orduz geroztik, zenbait alderditan autonomia-mailaren bat lortu duten arren, AEBek irlaren alderik estrukturalenak kontrolatzen ditu, hala nola defentsa, moneta, immigrazioa eta aduanak.

Puertorricarrak legearen aurrean Estatu Batuetako hiritarrak dira 1917tik, baina hala ere ez dute AEBetako presidentea bozkatzeko eskubiderik eta ez dute ahotsik kongresuan. Uharteko mugimendu independentista jazarria eta ikertua izan da historikoki. Kasurik ezagunena ‘Karpetak’ deitua da: 75.000 bat puertorricar zelatatu zituen FBIk hainbat hamarkadatan, harik eta 1987an den eskandalua publikoki agerian geratu zen arte.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA