Denok ordu gehiago lantokian, soldaduek arma gehiago izan dezaten

Axier Lopez
0
Igandeko manifestazio jendentsua

Ukrainako gerrak eragindako ondorio kaltegarrien artean dago Europako herrialde gehienek gastu militarra handitu nahi izatea, AEBek gidaturiko NATO erakunde gerrazaleak ezarri dituen irizpideak betetzeko. Hau da, nagusiki herritarrek zerga bidez estatuari emandako dirutzatik, zati handiagoa bideratu nahi dute gure artean arma eta soldadu gehiago egon daitezen. Beraz, noiz eta askotariko krisi betean sarturik gaudela, nola atera diru gehiago BPGaren %2 militarrei bideratzeko? Bada, sozialdemokraziaren ikurretako bat (izan) den Danimarkak galderari eman dion erantzuna argigarria da oso: langileen lan-egutegitik jaiegun bat kentzea. Alegia, langileek urtean egun bat gehiago lan egitea, estatuak diru gehiago lortu, gobernuak “defentsa” aurrekontua handitu eta hala, militarrek langile gehiago eta azkarrago hiltzeko gaitasuna hobetu dezaten. “Ezkerrak” proposatutako neurria da, alderdi sozialdemokrataren Mette Frederiksen lehen ministroaren gobernuaren eskutik. Frederiksenek horrela justifikatu du: “Europan gerra bat dago, gure defentsak indartu behar dira, eta mundu guztiak pixka bat lagundu beharko du”.

Langile daniarrek 11 jaiegun dauzkate egutegi ofizialean eta horietatik Store bededag (Otoitz Handiaren eguna) deitutakoa kendu gura du gobernuak. Jai erlijiosoa da, gehienak bezalaxe, eta, beraz, sindikatuez gain, Eliza luteranoa ere kentzearen aurka agertu da. Gobernuak argudiatu duenez, gehiago lan eginda, enpresen produktibitatea handituko da, eta horrela 400 milioi euro inguru aurreztuko dituzte.

Hala, igande honetan, Kopenhagen neurri horren aurka 50.000 pertsona baino gehiago bildu dira, sindikatu antolatzaileen arabera. FH sindikatua da indartsuena, 1,3 milioi bat afiliatu ditu, 5,9 milioi biztanle dituen herrialdean. Lizette Risgaard da sindikatuko burua eta ohartarazi duenez, “politikariek lan-merkatutik kanpo geratu beharko lukete, ez liokete langileen gehiengoari beren iritzia inposatu beharko, eta horrelako jarraituz gero gure arteko akordioak urratuko dituzte”. Sindikatuak sinadura bilketa hasi du gobernuari eskatzeko proposamena bertan behera uzteko edo erreferenduma deitzeko.

Diruarekin armak erosten dira, baina arma horiek hartuko dituen pertsona gehiago behar da. Horretarako ere Danimarkako Gobernuak badu irtenbidea: derrigorrezko soldadutza emakumeei ere ezartzea. Defentsa ministro Jakob Ellemann Jensenek TV2 telebista kateari adierazi dionez, Danimarkak ezin ditu boluntarioak bakarrik onartu, eta mundu guztiak, emakumeak barne, derrigorrezko soldadutza egiteko prest egon beharko luke.

Alejandro Gomabieta idazleak esango zuen bezala, hinteligentzia militarrak bizi gaitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA