Ehunka milaka, osasun publiko eta unibertsalaren defentsan

Axier Lopez
0
Argazkia: EP

Madril hiria munstro bat da. Milioika pertsona zementuz, deserrotzez, prekarietatez eta klasismoz inguratuta. Guztia dago salgai, publikoari gailentzen ari zaio pribatua eta jokaldia borobiltzeko, dena gero eta garestiagoa da, frankismotik Espainian izan duten negoziorik borobilenetik, etxebizitzatik, hasi eta langile auzoko tabernetako kañaren prezioraino. Madril neoliberalismoaren aurpegi gordinenetako bat da, edo Ayusok mozorrotuko lukeen bezala; “sistema publiko-pribatuarena”. “Ahal duena salba dadila” doktrina nagusitzen ari den garaiotan, osasun sistema publikoaren pixkanakako desintegrazioa da sintomarik argienetako bat. Hemen, azkar zahartzen ari den Euskal Herrian ere, zuzenean ezagutzen eta pairatzen hasiak garena.

Horren aurrean, igandean ehunka mila pertsona berriro antolatu dira Madrilgo kaleak gainezka egiteko. Greban dauden Lehen Mailako Arretako medikuei sostengua emateaz gain, arduradun politikoei eskatu diete osasun sistema pribatizatzeari eta prekarizatzeari uzteko eta behingoz negoziatzera esertzeko. 70 kolektibo eta auzo-elkarte baino gehiagok babestu dute deialdia, eta milioi laurden buru baino gehiago batu, gobernuaren ordezkaritzaren arabera, eta milioi bat antolatzaileen ustez. Madril ez da PPren feudo historiko bakarra igandean milaka pertsona batu dituena: 100.000 biztanle baino gutxiago dituen Galizako Santiago hirian 35.000 lagun Poliziaren arabera kalera atera dira osasun sistema publikoaren defentsan.


Madrilgo manifestazioaren amaieran, mugimenduaren ahots nabarmenetako batek, Fuenlabradako osasun-zentro bateko zuzendari Mar Noguerolek gogorarazi zuen milioi bat madrildar daudela medikurik gabe, tartean pediatrarik gabeko 200.000 haur. “Ospitalez kanpoko larrialdiak eta landa-eremuetako arretaren ekitatea ia desagertu dira, eta, gainera, arreta duina eta kalitatezkoa eskaintzeko zailtasunak egunetik egunera areagotzen ari dira”. Madril da per capita osasunean gutxien inbertitzen duen erkidegoa Espainiako Estatuan, baita Lehen Mailako Arretara diru gutxien bideratzen duena ere, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren txosten baten arabera.

Nioguerolek, El Saltoko artikulu batean, argi definitu ditu sistema publikoaren desintegrazio programatuaren ondorioak: “230 pediatria-plaza galdu dira azken urteotan, eta kontsulten %20 medikurik gabe daude, belaunaldi-erreleborik ez dagoelako. Etengabeko exodoak gurpil zoroa eragiten du: egoiliarrek Madrilgo erkidegotik alde egiten dute gainkarga eta lan baldintza eskasengatik. Zenbat eta gainkarga handiagoa, orduan eta exodo handiagoa; zenbat eta exodo handiagoa, orduan eta gainkarga handiagoa. Hori dela eta, osasun publikoaren defentsan, tentsioari eusteko beharraz erabat jabetuta daudela azpimarratu du: “Borrokan aurrera jarraitzeko erabakia hartu dugu, ez dute erraza izango guri morala jaisten”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA